Irabazi edo larri geratu

Gaur etxean Flammes Carolori irabaziz gero, Gernikak aurrera egingo du Eurokopan. Galduz gero, beste emaitzen mende geratuko da

MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ligaxka bateko partida bat da, baina horren erabakigarria da, non neurketa bakarreko kanporaketa dirudien. Lointek Gernika Bizkaia eta Flammes Carolo Frantziako taldea elkarren aurka arituko dira gaur Malosten (20:00, ETB4); norgehiagokako irabazleak aurrera egingo du Eurokopan. Galtzailea, berriz, arrisku bizian egongo da. Beste multzoetan gertatzen denaren mende geldituko da kanporaketarako sailkatzeko: hirugarren sailkatzen diren lau onenetako bat izan beharko du.

Berdinduta daude H multzoaren sailkapenean: bigarren eta hirugarren dira, bost partidetatik bi irabazita. Gernika aurretik dago, Frantzian elkarren aurka jokatu zuten partida irabazi baitzuen:58-69. Emaitzak adieraz dezakeena baino askoz parekatuagoa izan zen partida, azken laurdenaren hasieran 53na berdinduta baitzeuden. Baina bizkaitarrek hamabi puntu sartu zituzten jarraian, eta bideratuta utzi zuten garaipena. Egun horretan egindako lan ona izan behar dute helduleku. Baita aurreko sasoian Valentzian (Herrialde Katalanak) elkarren aurka jokatu eta irabazitako lehia ere: 50-57. Orduan ere oso ondo aritu ziren defentsan. Hirugarrenez jarraian lan bera eginez gero, asko izango dute irabazia.

Konfiantza handiarekin dago Mario Lopezek entrenatzen duen taldea. Mesede handia egin die larunbatean Kutxabank Araskiri nagusitasunez irabazi izanak derbian: 69-47. Behar zuten, Eurokopan galdu berri baitzuten, Roche Vende multzoko liderraren aurka.

Lopezek argi du «oso lan ona» egin beharko dutela irabazteko: «Ia hutsik gabeko partida jokatu beharko dugu: defentsan, sendo aritu beharko dugu, lotu egin behar ditugu haien jokalaririk onenak, eta errebotea zaindu; erasoan, berriz, azkar pasatu beharko dugu baloia, eta saskiratzeko aukerarik aproposena topatu. Oso garrantzitsua izango da ondo hastea, eta, aurkaria aurretik jarriz gero, ez lortzea alde handia».

Frantziako taldean aldaketa esanguratsuak daude, Marica Gajic eta Nia Coffey osatu baitira. Ez batek, ez besteak ez zuen jokatu joanekoan. Biak oso garrantzitsuak dira saskipeko jokoan: «Oso onak dira, eta, haiei esker, bi aldaketa gehiago egin ahal izango dituzte».

Etxean ariko da Gernika, eta entrenatzaileak eskatu zuen Malostek «gainezka» egiteko: «Zaleen babesa beharko dugu; gainean egon daitezela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.