Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Negua joan da ta

Nagore Aranburu aktorea, filmeko fotograma batean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Gontzal Agote.
2014ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Loreak'

Zuzendariak: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 99 minutu.

Norbera esateko gai ez dena mahaigaineratzen dutenak dira loreak. Amnesiaren kontrako pilulak dira loreak. Esker oneko adierazpenak dira loreak.

Zinema hizkuntza unibertsala zela esan ziguten sarri. Gu, egoskor, gurea adjektibatzen tematu ginen, euskal zen zinema. Berehala hasi zen kalapita. Luzez eta ezinean, zinema bera zela hizkuntza erdi ahaztu zitzaigun.

Zorionez, pixkanaka gauzak bere onera etorri ziren. Aurreko urteetako uzta heldutasunera ailegatu zen hamarkada hastearekin. Bi pelikulak markatu zuten segitu beharreko iparra: 80 egunean eta Urte berri on, amona!. Eta, azkenik, Loreak, hizkuntza unibertsalean mintzo den filma.

Cheeveren narrazio batean bezala, anekdota hutsa izaten ahal dena da pelikularen motorra. Pertsonaia, keinu, begirada, memoria eta sentimenduen zinema da, arreta bereganatzeko bestelako apaingarririk behar ez duena. Lur azpiko tentsio batek gidatuko du Loreak. Kontakizuna eraikitzeko moduak istoriora angelu diferenteetatik hurbiltzea ahalbidetuko du, ikuslearen pertzepzioa poliedrikoa eginez. Bidean argituko dira zergati batzuk, beste batzuk elipsipean ezkutuan geldituko dira.

Itxuraz minimoa den istorioa urre bihurtuko du bi zuzendarien lanak, plano guztiak mimo handiz zainduta, eta erritmoa eta istorioaren garapena ederki kudeatuta. Detaile txikien pelikula da Loreak, hildakoena eta bizirik daudenena, eta momentu samurrez beterik dago. Efektismotik urrun, ohikoak diruditen gauzak pantailara ekartzen ditu; esaterako, sekulakoa da bete-betea dagoen autobusaren sekuentzia.

Emakumeen pelikula dela esanen diote. Neurri batean, izan bada, hiru emakumezkoren inguruan eratuta baitaude istorioak. Bikaina hiruren lana, eta bereziki nabarmentzekoa Itziar Ituñok bere pertsonaiarekin lortu duen erregistro zabala.

Baina, era berean, gizonen pelikula ere bada. Nahiz eta horiek off-ean gelditu. Sentimenduak adierazteko maneren eta ezintasunen pelikula izanik, izan bada loreak bidaltzen dituen pertsonaia bat. Izan bada etxean jasotzea batere gustuko ez duen beste bat. Denak dira puzzlearen parte.

Ez dira euskal loreak, loreak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.