Galeria 'glokal' bat

Itxialdiak bultzatuta, Ari galeria digitala jarri dute abian hainbat artezalek. Ez du egoitza fisikorik, baina Euskal Herrian ditu sustraiak proiektuak

Natalia Cambronero Nieto artista irundarraren eskultura baten irudia. ARI GALERIA.
Inigo Astiz
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
«Ongi etorri Ari galeriara. XXI. menderako galeria glokala. Arte garaikidea». Esaldi labur horrekin aurkezten dio bere burua Ari galeriak www.arigallery.org webgunea bisitatzen duen orori. Bestelako egoitza fisikorik gabe, webgune hori bera da galeria; horregatik XXI. mendeari egindako aipamena eta glokaltasunarena. Arte garaikidearekin zaletutako lau lagunek izan zuten proiektua martxan jartzeko ideia, eta koronabirusari aurre egiteko ezarritako itxialdiak eman die bultzada.

«Museo eta galerietara joaten diren zaletuak gara, eta beti gaude gogoz artista berriak ezagutzeko, baina, konfinamenduan errealitate hori erabat aldatu denez eta denbora gehiago geneukanez, hala erabaki genuen galeria digitala sortzea». Oskar Gonzalez Uriartek eman du azalpena. Sorrerako lau kideko patronatuko kideetako bat da bera, baina, dioenez, azkar hedatu da proiektua, eta egun 24 kide inguru dabiltza galeria martxan jartzen duen nukleoaren inguruan. Borondatezko lana da guztiena. «Erakusketak ikusteko aukerak mugatuta dauden bitartean, plano birtual horrek aukera ematen digu zaleoi artistak ezagutzeko, eta, bestalde, artistek ere leku bat dute beren lana erakusteko».

Hiru helburu nagusi ditu galeriak: arte garaikidea sustatzea, artistekiko jakin-mina piztea eta bildumazaletasun «eskuragarria» bultzatzea. Webgunean zehaztu dutenez, Francisco Goyak bere pintura beltz ezagunak hormetan sortzeko baliatu zuen Madril kanpoaldeko Quinta del Sordo digital moduko bat izatea dute amets: sortzaileen alderik «erradikalena» azaleratzen lagunduko duen gune libre bat, «merkatuaz harago» eta «zirkuitu instituzionaletik kanpo».

Galeria birtuala izanik ere, Euskal Herrian bereziki sustraitutako proiektua da Ari, Gonzalez Uriartek esan duenez. Bertakoak dira, adibidez, sorrerako patronatuko lau kideak. Egun, Kataluniako, Espainiako, Txileko, AEBetako, Ukrainako eta beste hainbat herrialdetako kideak ere baditu proiektuak, eta sarea zabaltzen jarraitzea da Ari galeriakoen asmoa, baina jarraitzen dute Euskal Herriarekiko lotura horri eusten.

Euskal artisten lanekin osatutako erakusketa kolektibo bat egiteko asmoa dute. «Zirkuitu handitik kanpo geratzen diren baina esateko gauzak dituzten artistak ditugu buruan». Kontaktuak egiten dabiltza oraingoz, eta jasotako erantzunaren arabera erabakiko dute zer eta nola egin.

Egun, galeriaren lehen urratsetan lagundu duten 27 artistaren lanak biltzen dituen irekiera erakusketa dago webgunean ikusgai. Etxeko telefonoa jaso berritan, bainujantzi gorri bat daraman emakume baten zorion beteko harridura irudikatzen du, esaterako, Sergio Gioche artista espainiarraren margolan hiperrealistak, eta zerrendan datoz, lehen irudi horren ondoren, margolan, eskultura eta ilustrazioak. Vivian Werbin artista txiletarraren abstrakzio koloretsuak, Philip Steele ipar amerikarraren bideo bat, Natalia Cambronero Nieto irundarraren artilez eginiko eskulturen irudiak, Aurora Ruvalcaba argazkilariak erretratatutako hiri paisaiak, ilustrazioak, marrazkiak... Eta, pieza bakoitzarekin batera, dohaintzak egiteko aukera ere ematen du orriak.

Deialdia zabalik

Salmentarako aukerarik ez dute aurreikusten oraingoz, eta webgunea irekita mantentzeko gastuei aurre egiteko bideratzen dute dirua. Galeria babesteko bi bide ere badira, bestela. Urtean 10 euroko ekarpena egiteko aukera eskaintzen du batak, eta urtean 100 eurokoa egitekoa besteak.

Zabalik da galeriako beste erakusketa kolektibo baterako artelanak bidaltzeko deialdia ere. Maiatzaren 1ean zabaldu zuten mezua, mundu zabalera, itxialdian sortutako piezen bila, formatu eta teknika librean, baina, betiere, bidalitako lana sarean erakutsiko dela kontuan harturik. Astelehenera artekoa da epea. «Oso harrera ona izaten ari gara», azaldu du Gonzalez Uriartek. 30 artelan inguru dituzte jadanik, eta pozik daude jasotakoarekin. «Sorpresa bat izaten ari da».

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.arigallery.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.