PROPOSAMENAK

Teilatu gabeko museoa

Azken urteotan horma irudiek kolorez jantzi dute Gasteizko Alde Zaharra. Auzoa apaintzeko asmoaz gain, helburu soziala ere badute

Eskuz esku izeneko mural erraldoia, Gasteizko Alde Zaharrean. R. BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ez izen arranditsurik, ez museoetako isiltasunik, ez edukiera mugaturik, ezta ilara luzeak itxaron beharrik ere. Zerua da Gasteizko arte galeria horren sabaia, eta artelanak ez daude mihise batean; hormetan daude, baina ez bakarrik. Kaleetako bizitasunean, usainetan, zaratetan, biztanleen begiradetan. Horrek guztiak osatzen du Gasteizko muralen ibilbidea. 2007. urtean hasi zen proiektua, eta, batzuek kezka adierazi bazuten ere auzoaren berezko izaera monumentala galduko zela-eta, gaur egun jada Alde Zaharreko paisaiaren luzapen bat dira mural koloretsuok. Are, auzoaren eta auzotarren parte dira horma irudiok; beraien eskuekin sortuak izan baitira horietako asko.

Crhistina Werckmeister, Veronica Werckmeister eta Brenan Duartek jarri zuten martxan Gasteizen horma irudien ibilbide bat osatzeko proiektua, eta horretarako sortu zuten Gasteizko Ibilbide Muralistikoak, Margotutako Hiria elkartea. Egitasmoak, kanpoaldeko arte galeria bat sortzeko asmoaz gain, helburu sozialak zeuzkan. Batetik, artista eta sortzaileak hauspotu nahi zituen; eta, bestetik, herritarren parte hartzea sustatu nahi zuen.

Izan ere, horma irudien diseinuan eta sorkuntzan adin guztietako auzotarrek esku hartu dute; zahar zein gazte, eta baita, kasu askotan, eraikinaren beraren jabeek ere. Herri Muralen Lantegiak antolatzen dituzte horma irudi horiek egiteko, eta parte hartu nahi duten boluntarioek izena ematen dute. Arte ikasketak egiten dabiltzan gazteak ere kontratatzen dituzte, sorkuntzaren lanbideari garrantzia eman eta gazte horiei ibilbide profesional bat garatzen laguntzeko asmoz.

Guztira hamabi horma irudi baino gehiago daude Alde Zaharrean, eta, gehienbat, estetikoki hondatuta zeuden eraikinetan egin dituzte, txoko horiek biziberritu eta kolorez betetzeko. Muralek irudikatzen dituzten gaiak ere askotarikoak dira: Gasteizen historia berritzen dutenak, euskal ohiturak zein auzoko aniztasuna aldarrikatzen dutenak.

Nor bere kabuz

Mural guztiak batzen dituen ibilbidea norberaren kabuz egin daiteke. Irudi bakoitzaren inguruko azalpenak jaso nahi izanez gero, berriz, Gasteizko Turismo bulegoak zein Gasteizko Ibilbide Muralistikoak, Margotutako Hiria elkarteak bisita gidatuak antolatzen dituzte. Hiriko beste eremu batzuetan ere garatu dituzte lantegi horiek; besteak beste, zenbait ikastetxetan eta auzotan. Horien artean, Errekaleorrekoak dira ikusgarrienetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.