Donostiako 66. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera. KRITIKA

Hesiaren gainetik salto egin beharra

Maria Vazquez da filmeko protagonista nagusia. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Trote'



Zuzendaria: Xacio Baño.Herrialdea: Espainia-Lituania. Iraupena: 83 minutu.

Etxe bat Galiziako herri txiki batean, mendi artean. Zaldiak dituen etxea. Bertan bizi da Carme, aitarekin. Ama hil berri da eta Luis, Carmeren anaia, joango da bisitan, egun batzuk pasatzera eta egin beharreko tramiteez arduratzera. Harreman handirik ez dutela dirudi: Carmek apenas hitz egiten duen aitarekin, eta Luisekin dituen elkarrizketak oso hotzak dira. Istorioak aurrera egin ahala, etxe hartako tentsioa areagotu egingo da.

Isildutako gauza asko daude Carmeren familian, elkarri aurpegiratzen dizkioten kontu asko. Erdizka, zeharka esaten dira gauzak, minduta dagoen familia baten haserrearen isla. Eta bertan dago Carme, itota, atera ezinik, hesia hautsi nahian.

Oso lan txukuna egin du Xacio Bañok bere lehen film luzean. Istorioaren beraren erritmoa errespetatu du, eta isiltzen direnei isilunea eman die. Carmeren aske izateko nahi hori, zapalduta daukan eremu horretatik ihes egiteko nahia, zaldiekin alderatu du, haien sena jarraituta bizi diren animaliak. Bisualki oso indartsua den analogia da, zalantzarik gabe, eta Bañok probetxua ateratzen jakin du. Maria Vazquezen antzezpen bikainak kontakizuna aberasten du eta zuzendari galiziarrak hautatutako plano ikusgarriek beste maila batera daramate filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.