Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Eustea ez da erraza

2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Minbizi betean idatzi eta argitaratu zuen Susan Sontagek Gaixotasuna metafora gisa. Handik hamar urtera metaforek argitzen eta zailtzen dutenari buruz pentsatzen jarraitu zuen HIESa eta bere metaforak-en. Elementu berriak bildumatu zituen; adibidez, politikaren alorrean zer presentzia duen espazioaren metaforak Frantziako Iraultzatik: ezkerra, eskuina, goikoak, behekoak, aurrekoak. Politikak ere, sarritan, gorputzaren beraren metafora landu du, politikak badauzkalako «buruak» eta buruak gorputzaren gainontzeko atalen gainean agintzen duelako «diziplina zorrotzez». Sontagen aburuz, Platon eta Aristotelesen garaitik dator gorputzaren metafora politikan, «errepresioa justifikatzeko oso erabilgarria delako ziurrenik». Zeren, gizartea familia batekin konparatuz gero, ez litzateke hain erraza izango «ordenamendu autoritario bat ezinbesteko gisa» aurkeztea.

Garai batean, sendalarien lana zen «gaixotasunaren kontrako gerra; orain gizarte osoarena da». Orain gerraren metafora da «sendatzeko edozein kanpainarako» erabiltzen dena, «etsai» baten kontra ariko bagina bezala. Eta ez soilik gaixotasunen kontra: «gerra pobreziaren kontra, gerra drogaren kontra, gerra gaixotasunen kontra». Sontagen aburuz, metafora militarra «ezinbestekoa da gizarte kapitalistan, etikaren deiaren sinesgarritasuna eta asmoa gero eta gehiago mugatu denean».

Halako batean, Euskadi Irratian Espainiako Gobernu aurrerazalearen iragarkia: «Eustea ez da erraza, baina borrokalariak gara, eta borrokatzean konturatzen gara uste baino indartsuagoak ginela. Atea irekiko dugu eta mugitzen hasiko gara, indar horrekin irtengo gara, honek guztiak indartsuago egingo baikaitu». Eta Sontagen liburura bueltan: metafora militarrak balio du etsai baten kontra borrokatzen dela nabarmentzeko, eta «gaixotasuna deabrutzetik gaixoari zerbait aurpegiratzera jauzi bat besterik ez dago, nahiz eta biktima gisa tratatu». Baina biktima ezin da erruduna izan, eta, beraz, gaixoa bada erruduna: ez da zaindu, zaharra da, ahula. Eta beraz ez dugu berarekin kontatuko, indartsuago izateko. Metaforen gauzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.