begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Eta Antonio poliziak Francisi egin zion tiro

2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Urteak pasatu dira. Hamarkadak ere bai. Mendez eta milurtekoz aldatu gara, dagoeneko. 1979ko ekainaren 10ean, Antonio Caba Laguna Espainiako polizia nazionalak tiro egin zion Vicente Vadillo Santamariari. Aurpegian. Apolo diskotekan egiten zuen lan Vicentek; goizalderik ez zuten Euskal Herriko gau basa horietan Francis izengoitiaz zen ezaguna sustraiak Andaluzian eta familia Valentziako Torrenten zituen gazte hura. Lana eta bizitza egiten zuen Poliziak aspalditik setiaturiko eta astindutako Errenterian. Hiru ziren bertako gau-lokalak, hirurak perilosoak oso, sexua era bakar, bakan eta aspergarri batez ulertzen duen ohitura oneko jendearentzat. Hiru: Penny Lane, Cerebros eta Apolo. Apolon emakumez janzten zen Francis. Trabestia zen, nahiz eta, agian, gaur egungo lexiko-hiztegi politikoki ortodoxoetan hitz hori debekatua izan. Nork daki?

Dakigun guztia zera da: bere heriotza tragikoak bultzada eman zion jaiotzear zen Euskal Herriko gay mugimenduari. Manifak izan ziren, oihuak izan ziren, jipoitu zituen Poliziak Donostian zein Errenterian borrokan izan zirenak. Baina, egun, urteak, hamarkadak pasatuta, gauza jakina da Francisen hilketa izan zela hemengo Stonewall, erreferentzia mingarri eta izugarria atzoko, gaurko eta biharko LGTBI mugimenduarentzat.

Oroigarria dauka Vicentek Errenterian. Urtero omentzen dute bertan, baina atzoko errekuerdoa zinemaz zen gainezka, eta zinema areto bat bete zuen mukuru.

Atzo, Errenteriako LGTBI+ Mahaiak, Udalak eta Niessenen aterpe duen Ozzinemak bultzatua, babestua, bai Granadan bertan bai Malagako zinema jaialdian jendea ahoa bete hortz eta eskuak zauritu txalo utzi zuen Juana La Lorca filmarekin oroitu zen herria Francisekin.

Mundu mailako (kasik) estreinaldi mundiala izan zen. Aparteko balentria dugu Granadako Huescar herrian jaiotako Valeriano Lopez sortzaileak burutu duen pelikula. Askotariko diziplinetan ibilitako artista da Valeriano, aspaldian daude bere lanak ez mugarik, ez inposaketarik onartzen ez duten arte galeria eta museoetan.

Definitzeko eta sailkatzeko ezinak diren hainbat giza kreaturarekin batera, Valeriano jolasean eta sufrikarioan, aldarrikapenetan eta burletan ibili da Granadako Sacromonten, Viznarreko sakanean, San Vicenteko Baratzean, Kubako Santiagon eta Habanan. Erabili izan ditu Lorcaren poemak, erabili izan ditu sekulako zartatekoak eman eta hartzen dituzten kaleko eta plazako txotxongiloak, eskuz maneiatzen diren horiek. Erabili izan ditu aspaldiko mamu berdaderoek jantzi ohi zituzten izarak. Erabili izan du, harri-kartoizkoa ematen bazuen ere, gaurko gure oroipen lausoetan dir-dir egiten duen Espainiako zinema zaharraren mito makina bat.

Kantuz eta dantzaz errebelde, politikoki eskatimari, sexualki mokokari, poetikoki parrandazale jo izan du gauza sakratu bat bera ere tente utzi izan ez duen jendaia ausart horrek. Granadan eta Malagan gertatu zen eran, Errenteriako zinemazale guztiak, Niessen aretoan bildu ziren libertate egarti oro, zutik jarri ziren txalo zaparradan. Pelikulak merezi duelako. Eta Francisek ez baitzuen nahi izango beste omenaldirik Juan La Lorca bezalako atrebentziarik baino.

Hori gertatu zen atzo Errenterian. Kilometro gutxira ireki dituzte berriro zinema aretoak. Hendaiatik Baionaraino, Les Varietesetik L'Atalanteraino, Hegoaldean ikusi dugun zinema oro duzue: Nomadland, A Young Promising Woman, Caminho Longe... Goza ezazue, merezi duzue eta.

Bi azken-aurreko ohar: badakit ez zenutela duda izpirik izan, baina, zera: Vicenteren eraileak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen eta... ez zen arrimatu ere egin presondegira.

Zinemari dagokionean, maltzurkeria galant bat: Cannesek Netflix gonbidatu du La Croisettera. Plataformak errefusatu egin du. Mendekua, hotzean, gozoagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.