Yannick Bellonen lana ezagutzera emango du Euskadiko Filmategiak

Zinemagileak zuzendutako hamabost filmak emango dituzte abendura bitarte. Haren bizitzaren inguruko liburu monografikoa ere kaleratu dute

Miren Garate.
Donostia
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aurreratua zen bere garairako Yannick Bellon zinemagilea (Miarritze, Lapurdi, 1924-Paris, 2019), eta horren adibide dira bere lanen bidez mahai gainean jarri zituen gaiak: genero indarkeria, taldeko bortxaketak, ingurumena zaintzeko premia, identitate sexuala eta beste hainbat. Aurreratuegia ere bai zenbaitentzat, eta, horregatik, bidean geratu zitzaizkion egin nahi zituen beste asko, adibidez, apaizen ezkontzari buruzko film bat.

Forma aldetik egiten zuen ahalegina da haren beste ezaugarrietako bat, erabiltzen zuen elementu eta baliabide bakoitzak bere arrazoia izatea, errealizadore gisa ez ezik, muntaketan ere esperientzia handia baitzuen. 1948an egin zuen aurreneko filma, eta 2018an azkenengoa. Zazpi hamarkada eman zituen, beraz, zinemagintzan. Eta haren filmografiaren garrantziaren eta ezagutza faltaren arteko «kontraste mingarria» dagoela ikusita, urtero udazkenean antolatu ohi duen atzera begirakoa Belloni eskaintzea erabaki du Euskadiko Filmategiak.

Haren obrari buruz inoiz egin den atzera begirakorik zabalena izango dela esan du Joxean Fernandezek, Filmategiko zuzendariak. Gaur hasi eta abenduaren 21era bitarte, zinemagileak egindako hamabost filmak emango dituzte Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren museoan. Horrez gain, Belloni buruzko lehen liburu monografikoa ere argitaratu dute: La mirada de frente. Eric Le Royk idatzi du, Bellonen lana gehien ezagutzen duen adituak, eta frantsesetik gaztelaniara Luisa Etxenikek itzuli du. Zinemagilearen biografiaz gain, hari egindako elkarrizketak ere biltzen ditu liburuak, eta egindako lanen nahiz amaitu gabe utzitakoen zerrenda bat ere ageri da bertan. Zikloa hasteko, mahai inguru bat egingo dute gaur Donostian, eta bihar Bilbon, eta liburua idatzi eta itzuli duten Le Royk eta Etxenikek parte hartuko dute.

Zilarrezko Maskorra

Aurkezpenean Fernandezek aitortu duenez, pena apur bat ere badute, beranduegi datorrelako atzera begirakoa —aurtengo ekainean hil zen Bellon—, eta zinemagileak ez duelako aukerarik izan jaio zen herrialdean bere lana ikusteko. Hain zuzen, umetan eta gaztetan Euskal Herriarekin lotura estua izan zuela nabarmendu du Le Royk. Aitaren osasun arazoek ekarri zuten familia Miarritzera, eta han jaio ziren bi alabak, Yannick eta Loleh. 10 urte bete arte bizi izan zen han, eta Parisera joan ziren gero, nahiz eta gazte garaian berriro itzuli zen.

Denise Bellon zuen ama, joan den mendeko Frantziako argazkilaririk esanguratsuenetako bat; osaba, berriz, Jacques Brunius zinemagilea. «Bere garaiko mugarri artistikoetatik oso gertu egon zen beti, bere familia kontaktuan zegoelako zineman, artean, literaturan eta abar gertatzen zenarekin. XX. mendeko mugarri artistiko, kultural eta sozialetara gerturatzeko modu bat da liburua irakurtzea», esan du Etxenikek.

Royren esanetan, beren burua berreraiki behar izaten zuten protagonistak interesatzen zitzaizkion gehienbat. 24 urterekin egin zuen aurreneko film laburra: Goémons (1948), eta Sari Nagusia jaso zuen Veneziako Biurtekoan. Haren film ezagunena, berriz, L'amour violé (1978) da. «Orain ikusiz gero, pentsa daiteke Iruñeko bortxaketari buruzkoa-edo dela».

Halaber, Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabazi zuen lehen euskal zuzendaria ere izan zen Bellon. Le Royrekin izandako elkarlana medio, maskor hori Euskadiko Filmategiaren esku geratu da, bai eta beste material batzuk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.