KRITIKA. Gasteizko 42. Jazzaldia

Kiroldegia beteta azken emanaldian

Kool & The Gangekoak publikoarengana ere jaitsi ziren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Brooklyn Funk Essentials etaKool & The Gang

Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 21.

Larunbateko kontzertuan, Brooklyn Funk Essentials taldeari Mendizorrotza puntaraino beteta aurkeztu zitzaion. Talde horrek puntu fresko bat jartzen dio funk klasikoari, batez ere agertokian kideek hartzen duten jarrera on eta itxura dibertigarriarekin. Saxo eta tronpeta joleen trebeziak ikusleen txaloak irabazi zituen hasieratik. Jaialdiko beste funk taldeen moduan, dantzatzeko gurari obeditzeko esan zioten jendetzari. Dudarik gabe, jaialdira funk taldeak etortzean, eserlekurik gabeko kontzertuak hobe dira. Jendea agertokira hurbil daiteke, segurtasun langileek guzti-guztia kartzela balitz bezala kontrolatu gabe.

Baxu soinu gogorrarekin eta erritmo onez, Brooklyn Funkek New York hiriko auzo ospetsuaren atmosferaz estali zuen Gasteiz. Musikariek erritmo jamaikarrak nahastu zituzten funk soinuen artean, esperientzia askoz interesgarriagoa eginez. Nola ez, ikusle pila horrekin, abesti bat oparitu ziguten bukaeran: Get Your Boogie On.

Bigarren zatian, hiru belaunaldiren musikan eragin duen taldea izan genuen: Kool & The Gang. Zaila izango litzateke jazz musikatik urrunago bukatzea jaialdia, baina Kool & The Gangek, bere estiloan, ikuskizun ona eman zuen. Abeslariek, alkandora distiratsu eta eguzkitarako betaurrekoekin jantziak, dantza pauso trebeak erakutsi zituzten, eta, nola ez, taldearen konposizio ospetsuenak abestu zituzten, hala nola Tonight. Beldurrik gabe, abeslari nagusia agertokitik jaitsi zen ikusleen artean festa jarraitzeko. Kool & The Gang taldeko bateria originala, George Brown, aurkezteko aipamen berezia ere egin zuen. Erritmo biziarekin jarraitu zuten abesti motel bat sartu zuten arte, Summer Madness, non gitarristaren punteoa eta sintetizadoreak izan ziren protagonista. Cherish The Love jo zutenean, ikusleen telefonoen argiak piztu ziren izarren moduan, eta saxofoi melodiaren laguntzaz, jende guztiak abestu zuen letra famatua, reggae erritmoekin jarraitzeko Let's Go Dancincg (Ooh La La La) abestiarekin. Nola ez, Celebration arrakastatsuarekin eman zioten bukaera emanaldiari eta Jazzaldiari, 70eko hamarkadarainoko bidaia batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.