Euskara. Euskaltegietako matrikulazio kanpaina. Joseba Erkizia. HABEko zuzendaria

«EGA izan behar dute denek? Ez. Hori ez da beste inon gertatzen»

Oinarrizko bi mailak sortzea mesede izango da helduen euskalduntzean, Erkiziaren esanetan. Erdaldun elebakarrak erakartzeko nahia dute, euskaraz gutxieneko maila eskuratu dezaten.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Itxaropentsu dago ikasturte berriari begira HABEko zuzendaria, Joseba Erkizia (Andoain, Gipuzkoa, 1958). Beste bi maila indarrean jartzekoak dituzte, A1 eta A2, eta horrekin beste bultzada bat eman asmo diote helduen euskalduntzeari. Erkiziak iragarri du laguntzak izango dituztela bi maila horiek eskuratzen dituztenek ere.

Zer itxaropen ikasturte berrian?

Itxaropen eta aurreikuspen ona dugu. 2010etik 2013ra %17 jaitsi zen ikasle kopurua. Hiru urte segidan izan ziren, eta beldurra zegoen, joera ote zen. Eten egin zen joera hori 2013-14an. Ia aurreko ikasturteko ikasle kopurua izan zen. Datorren ikasturterako, goiz da oraindik jakiteko, baina uste positiboa dugu. Badago eskaria.

Bi maila baxuago sortu dituzue: A1 eta A2. Zein helbururekin?

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoan sei ikas-maila daude. Euskararen kasuan, lau gorenak erabili izan dira. Gabezia handia zen hastapeneko biak falta izatea. Zergatik beste bi maila? Batetik, euskara ikasten ari direnen %45 B1 mailatik behera ari dira. Ikas-prozesu zabala egin nahi dutenentzat ona da A1 eta A2 definituta egotea, hasierako ibilbidean bi mugarri izatea, norbera non dagoen jakiteko. Bestetik, erdi mito bat izan dugu: euskalduna izatea dela halako maila bat izatea. Bere ezaugarri, gogo, helburuen arabera iristen da jendea maila batera edo bestera. Euskararen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ona da A1 eta A2 definitzea, hainbatentzat geltoki ere izan baitaitezke. Denek eduki behar dute EGA? Ez. Hori ez da gertatzen inongo hizkuntzatan.

A1 edo A2 maila duenak mesede egiten dio euskararen erabilerari. Hori aitortu eta sustatu behar da. Elebakartasuna gero eta txikiagoa izatea lortu behar dugu —nahiz eta guztiak ez izan hiztun aurreratuak—, maila apaletako gaitasuna duen jendeak funtzio komunikatibo asko betetzea euskaraz, hainbat giro eta zereginetan gero eta elebakar gutxiago egotea, gutxienez ulermen eta mintzamen maila bat badutenak izatea. Horrek biderkatu egiten ditu euskara erabiltzeko aukerak.

Agiria izango dute maila horiek?

A1 eta A2 mailako ziurtagiriak izango dira. Ez dugu administrazioko perfil berririk sortu nahi.Asmo bikoitza du. Batetik, ikasten ari denari pizgarri bat jartzea, egiten ari dena aitortuz. Bestetik, errekonozimendu hori baliagarri izango zaio hainbat jenderi lan munduan: harrera lekuetan, ostalaritzan, merkataritzan... Maila horiekin, zeregin profesional horien funtzio komunikatibo asko bete daitezke. Horrek euskal hiztunak anima ditzake euskara beldur gutxiagoz erabiltzera, jakinik aurrean duenak erantzungo diola, maila batera arte behintzat.

Diru laguntza ere jasoko dute A1 edo A2 maila lortzen dutenean?

Bai. Maila bat eskuratzen duen ikasleak aukera du gastatu duen diruaren zati bat edo osoa jasotzekoa. A1 eta A2 ere sistema horretan sartuko dira. Ikas-prozesuan aurrera egiten duenak lehenago ikusiko du saritua bere ahalegina; orain, B1 arte itxaron behar du.

Gastua handituko du horrek.

Zalantzarik gabe. Urtero agiri ofiziala eskuratuko duen jende kopurua ugaritu egingo da. Baina borondatea eta asmoa dugu bide horretan pausoak emateko. Euskara heldutan ikasteko pausoa ematen duen jendea bultzatu eta lagundu egin behar da. Lehentasunetako bat hori izango da.

Gramatika hutsa ez, hizketarako gaitasuna lantzea aipatzen dute.

Hizpide dugun curriculuma horretan oinarritua dago. Helburua ez da gramatika eta aditzak menderatzea, baizik horien bidez euskaraz komunikatzen ikastea. Gaitasun komunikatiboa izateko elementuetako bat da hizkuntz edukiak ezagutzea, baina beti komunikazioari begira. Ez da ikasten gramatika edo hiztegia ezagutzeagatik, baizik eta erabiltzeko.

Gehiegizko zuzentasun nahiaz ohartarazi du Jaurlaritzak.

Gauza ederra da ondo hitz egiten duen hiztun batekin aritzea. Baina ohartu behar dugu egoera normalizatuan ez dagoen hizkuntza batek hiztun berriak behar dituela. Nola? Batzuek, familiatik; beste batzuek, eskolatik; beste batzuek, heldutan. 300.000 hiztun pasa irabazi ditu euskarak 30 urtean. Euskaltegiek eman dute heren bat. Gehienek eskuratu dute bigarren hizkuntza legez, eta askori zailago zaie euskaraz aritzea beren lehen hizkuntzan baino. Hiztun horien ekarpena osasungarria da. Hori behar dugu hazteko, eta horretara iristeko txarranpin moduko hori pasatu behar dugu. Gehiegi jo izan dugu zuzentasuna eskatzera eta baloratzera. Euskara ezin zuzenagoan ez bada ere, nahi dugu jendeak salto egitea erabilerara, euskaraz hitz egitera, nahiz bere mugak eta arazoak izan. Bestela oso zaila da aurrera egitea. Hutsuneak zuzendu bai, baina beti positiboan baloratu behar ditugu hiztun berriak, ezinbesteko baitira aurrerabiderako.

Euskara erakargarri ageri da?

Etengabe landu behar da. Urtero 30.000 lagunetik gora joaten dira euskaltegira. Oso motibazio ezberdinak daude: lanerako, edo umeak izan dituztelako, edo erretiroa hartuta asti gehiago dutelako... Gizartea gero eta elebidunagoa da. Erdal elebakarra izatea errazagoa zen orain 40 urte. Euskarak izan duen aurrerapenarekin eta biziberritzearekin, jendea ohartu da euskara ez izanik abantailarik ez duela, gabezia duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.