Ingurumena. Luzia Zaldibarren

Erakunde Arteko Mahaiak «ontzat» jo du orain arte egindako lana

Egoera «kontrolpean» dagoela azaldu dute. Desagertuak topatzea ezarri dute «lehentasun»

Erakunde Arteko Mahaiko kideak, atzo, Gasteizen. IREKIA.
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Zaldibarko hondamendiaren inguruko lanak koordinatzen dituen Erakunde Arteko Mahaiak bilera bat egin du Gasteizen, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren gidaritzapean, eta «ontzat» jo du orain arte egindako lana, batez ere Mahai Teknikoak egindakoa. «Orain esan daiteke egoerak larria izaten jarraitzen duela baina kontrolpean dagoela», azaldu dute.

Lehendakariaz gain, Iñaki Arriola, Nekane Murga, Estefania Beltran de Heredia eta Maria Jesus San Jose sailburuak eta Elena Moreno, Iñaki Berraondo, Josu Zubiaga eta Jon Azkue sailburuordeak izan dira bileran. Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik Unai Rementeriak eta Imanol Pradalesek parte hartu dute, eta baita Zaldibarko, Ermuko, Eibarko, Mallabiako eta Elgetako alkateek ere.

Batzordeak ikuskatu du Mahai Teknikoak egindako lana, bi langile desagertuak topatzeko lana, kaltetutako eremuan beharrean aritzen direnen segurtasuna eta inguruko herrietako bizilagunen osasuna ardatz hartuta. «Positibotzat» jo dute lan hori.

«Ingurune horretako pertsonen osasun publikoa kontrolatuta eta monitorizatuta dago etengabe», azaldu dute. «Airearen, uraren eta inguruan ekoitzitako elikagaien kalitatea zuzena da, eta laginak biltzearen bidez monitorizatzen da».

Suteari dagokionez, bileran azaldu dute «fokuren bat berpizteko arriskuak bere horretan» jarraitzen duela, baina «operatibo espezifiko bat» abian jarri dutela arrisku hori ahalik eta gehien murrizteko.

Bileraren amaieran jakinarazi dutenez, orain «ahalegin guztien kontzentrazio fasea» jarri dute abian Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze aurkitzeko. Segurtasun eta Ingurumen sailek «aitzindaritza» hartuko dute aurrerantzean, eta batera arituko dira horretan.

Lixibatuak biltzeko lanak

Uraren Euskal Agentziak azaldu du Zaldibarko zabortegiko lixibatuak biltzeko lanean ari dela, ingurumenean eragin ditzaketen kalteak «murrizteko» asmoz. Lixibatuak jaso eta kamioi xurgatzaileen bidez saneamendu sarera eramaten ari dira, eskualdeko hondakin uren araztegian tratatzeko.

Agentziak adierazi duenez, zabortegiak bazuen lixibatuak bildu eta eskualdeko kolektorera bideratzeko sistema, «legediak ezartzen duen moduan eta Ingurumen Baimen Integratuaren baldintzetan ezarritakoaren arabera», baina, luiziaren ondorioz sistema hori hondaturik gelditu denez, Uraren Agentzia «behin-behinean» ari da lixibatuak biltzen, «lehenbailehen alternatiba bat» bilatu bitartean.

Horrekin, Aixola errekara ahalik eta lixibatu gutxien heltzea lortu nahi dute Uraren Agentziako teknikariek. Agentziak nabarmendu du ez direla nahastu behar Aixola erreka eta izen bereko urtegia. Aixola erreka ez dago lotuta ura hornitzeko sistemarekin, eta, beraz, hango ura ez da kontsumorako erabiltzen. Aixola urtegiari dagokionez, luiziak ez zuen eraginik izan han.

Behin-behineko jarduera horri «behar den denboran» eutsiko diote, «lixibatu guztiak eskualdeko saneamendura bideratzeko behin betiko konponbidea eman arte».

Uraren Agentziak detektatu du Aixola errekako zenbait puntutan amonio kontzentrazioak ingurumen kalitateko arauak gainditzen dituela. Beste bi parametrotan ere, OEK eta OEB5 izenekoetan, «ingurumen kalitateko arauak» gainditzen dira. Agentziako teknikariek pentsatzen dute lixibatuen eraginez gertatu dela hori. Ego ibaian ere nabaritu dute kalitate arauak gainditu direla, baina kasu horretan ez dago argi lixibatuen isuriak zerikusirik izan duenik, zabortegia irristatu aurretik ere «sarritan» gainditzen zirelako «kalitate arauek» ezarritako mailak.

Uraren Agentziak nabarmendu du egunero ikuskapenak egiten jarraitzen duela lixibatuen isurketa puntu berriak identifikatzeko, eta «jarduketak» proposatzen dituela «lixibatuak ibaietara ez iristeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.