Koronabirusa

Izurria ZIUei erasaten ari da: 112 gaixo daude gaur egun

Beste 1.676 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta 708 lagun daude erietxeratuta. Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dira berriz

Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Ospitaleetan gordin nabaritzen ari dira koronabirusaren eragina: inoiz baino paziente gehiago dituzte, bai ohiko geletan, bai ZIU zainketa intentsiboko unitateetan. Hego Euskal Herrian, 708 lagun daude ospitalean, eta horietako 112, ZIUetan. Bigarren olatuko kopururik handienak dira. Ez dira bakarrak: inoiz baino positibo gehiagoren berri eman zuten atzo ere; beste 1.676 positibo dira.

Egoera ez da nolanahikoa. Nafarroak eragin du kezkarik handiena orain arte, baina Gipuzkoaren bilakaera ere ez da batere ona. Bizkaian ere gero eta positibo gehiago dago, eta, itxuraz, Arabako egoera leunagoa den arren, goranzko joeran dago hura ere. Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehienak (561), eta Gipuzkoan ere antzeko kasu kopurua izan zuten (545). Nafarroak, berriz, jaitsiera nabarmena izan zuen, 469 kasu atzemanda, eta 87 positibo izan ziren Araban. Osakidetzak eta Osasunbideak 17.861 proba egin zituzten atzo, eta haietatik %9,4k eman zuten positibo. Ehunekoa dezente altuagoa da Nafarroan: lurralde horretan egindako proben %12,6k eman dute positibo.

Ospitaleak, beteago

Erietxeetako egoera ez da hobea. Azken egunetako positibo kopuruaren igoera nabaritzen ari dira, eta 708 lagun ospitaleratuta daude COVID-19arekin; erdiak baino gehiago (369), Nafarroan. Orain arte, bigarren olatuan ez zen hainbeste gaixo egon Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Lehenengo olatuari begira jarrita, berriz, maiatzaren 8ra arte egin behar da atzera antzeko kopuru bat —699— aurkitzeko. Gainera, larri dauden gaixoen kopurua ere etengabe hazten ari da. Guztira, 112 ZIUetan sartu behar izan dituzte, eta hori bigarren olatuko daturik txarrena da. Kasu horretan ere, maiatzaren 8ra arte jo behar da antzeko kopuru bat aurkitzeko: 107 gaixo zeuden zainketa intentsiboko unitateetan.

Nafarroak egunero berritzen du hildakoen datua: beste bi hil dira koronabirusak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.