Koronabirusa

Birusa hanpatuta dabil

Bizkaiko zenbait zahar etxetan larria da egoera; Muskizko egoitzako datuei Zamudioko batekoak erantsi behar zaizkie: 97 positibo dituzte

Kazetariak, atzo, Zamudioko Truiondo egoitzaren parean. LUIS TEJIDO / EFE.
arantxa iraola
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun

Igaro bi egunetan lau pertsona hil dira Bizkaiko zahar etxeetan COVID-19aren ondorioz, eta argi dago bereziki zenbait zentrotan guztiz oldartuta dagoela birusa; atzo jakin zen, adibidez, Zamudion, Truiondo egoitzan, 97 positibo atzeman dituztela behargin eta egoiliarren artean; guztira 65 erabiltzaile eta 32 langile daude kutsatuta. Zamudiotik heldu diren azken datu horiei erreparatuta, egoeraren eboluzioa, oro har, kezka eragiteko modukoa da. Atzo Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuen egoitzetan orotara 242 kutsatu daudela; orain aste bi emandako datuetan jakinarazitakoak baino 111 gehiago dira. 31 daude orain erietxean; aurreko datuen eguneraketan baino bost gehiago. Behargin kutsatuak 163 dira; 22 kasu gehiago dira.

 

Aurrez oihartzun handia izan dute, besteak beste, Muskizko Marcelo Gangoiti zentroko datuek. Zentro horretan 103 erabiltzaile eta 93 behargin daude; guztiei egin dizkiete PCR probak, eta horra emaitza: 90 egoiliar eta 20 behargin daude koronabirusarekin kutsatuta. Bilboko Erruki Etxean eta Bilboko Txurdinagaberri zentroetan ere, besteak beste, agerraldiak izan dira, eta kezka handia dago. Zenbait zentrotan, gainera, egoiliarrei txertoaren lehenbiziko dosia jarri eta gero hasi dira agertzen kasuak.

«Esku hartzeko» eskaera

Neurriak hartzen ari direla nabarmendu dute Bizkaiko Diputazioko informazio iturriek. Egoitzetatik egunotan heltzen ari diren albisteetatik «ikasbidea» atera behar dela nabarmendu zuen atzo atzo Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeriak: «Ez da errudunik bilatu behar; konponbideak bilatu behar dira. Nik tentsioan lanean jarraitu nahi dut; hau orain gerta daitekeelako, eta etorkizunean ere bai. Hemen gertatu da, eta Europa osoan gertatzen ari da: mundu osoan».

Oraindik ere pandemia bizi-bizi dagoela esan zuen ahaldun nagusiak, eta adi jarraitu behar dela: «Ezin gara erlaxatu». Aurrez, Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak Muskizko agerraldia hizpide hartuta adierazi zuen «akatsen bat» egon dela egoitza horretan; huts egite horren atzean langileen jokabide okerren bat egon zela iradoki zuen, gainerakoan prebentzio neurri guztiak taxuz hartu direla esan baitzuen.

EH Bilduk ere hizpide izan zuen atzo zahar etxeetako egoera, Muskizko egoera bitarteko, eta diputazioari eskatu zion «esku hartzeko» egoitza horretan. Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide Izaskun Duquek adierazi zuen berez publikoa dela egoitza, kudeaketa pribatua izan arren, eta «egoeraren larritasuna» aintzat hartuta foru erakundeak esku hartu beharko lukeela. «Itunpeko sistemak ez die erakundeei egoitzetan gertatzen denaren inguruko ardurarik kentzen», gogora ekarri zuen. «Eta kasu honetan egoera oso kezkagarria da». Pandemiak sorrarazitako egoera zailei aurre egiteko beste autonomia erkidego batzuetan erakunde publikoen «interbentzioak» ohikoak izan direla oroitarazi zuen Duquek, baina apenas erabili dela bide hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eta izan dira egoera aski gogorrak. Lehen olatuan 868 egoiliar zendu ziren Hegoaldean; bigarrengoan, urtarrilaren 6a bitartean, 411. EH Bildu Bizkaiko Batzar Nagusietara eramatekoa da arlo horretan dituen eskeak .

Gipuzkoan 53 positibo dituzte orain, eta Aretxabaletan egoiliar bat hil da. Nafarroan ere badira kezkarako zioak.Batetik, osasun agintariak Errora begira daude, hango egoitzan hamazazpi kasu atzeman baitituzte. Buñuelen eta Cortesen ere atzeman dituzte positiboak. Zentro horietan jasoa zuten ja birusaren aurkako lehen dosia.



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.