Koronabirusa

Bi mila kasu baino gehiago Hegoaldean, bigarren aldiz pandemia osoan

2.042 positibo zenbatu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. «Beharrezkoak diren neurriak» hartuko ditu Labik, Urkulluren arabera

Maria Ortega Zubiate - Ekhi Erremundegi Beloki
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Izurria orain arteko marka guztiak apurtzeko bidean da. 2.000 kasutik gora jakinarazi zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak: 2.042 zehazki. Mugarri hori beste behin baino ez da gainditu pandemia osoan, iazko urriaren 31n. Hala ere, atzoko egunak beste mugarri bat hautsi zuen, Osakidetzak egun bakarrean atzemandako kasu kopuru handienaren berri eman baitzuen: 1.585 guztira.

Bizkaiko kasua da larriena. Kutsatzeen buruan doa, 873 positiborekin. Pandemia osoko daturik okerrenak eman ditu herrialdeak. Atzetik dator Gipuzkoa,kutsatuen ia erdiarekin: 481 zenbatu ditu. 459 izan dira Nafarroan eta 139 Araban.

Egoeraren larritasuna ikusirik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo adierazi zuen gaur bilduko den Labi aholku kontseiluak «beharrezkoak diren neurriak» hartuko dituela.Pandemiaren bilakaeraren azkartasuna uda sasoiari eta neurriak «laxatu izanari» egotzi zion herenegun Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Delta aldaeraren jokaera «aurreikusi ezinak» ere horretan eragina izan duela iritzi zion atzo Urkulluk. Horren eragina nabaritzen hasiak dira jada ospitaleetan, baina bertako egoera oraindik «lasaia» dela adierazi du Sagarduik egunotan egin dituen agerraldietan, eta ospitaleratze berrien kopurua «onargarria» dela.

Dena den, ohartarazi du intzidentzia «egunean-egunean» gora egiten ari dela, eta horrek eragina du ospitaleetan. 300 gaixoen langa gainditu dute ospitaleek, maiatzaren amaieratik lehen aldiz: 315 eri daude Osasunbideko eta Osakidetzako ospitaleetan. Horietatik 57, larri, ZIUetan. Hala ere, ospitaleratzeen ondoriorik ez da igarri heriotzetan oraino: aurreko bi asteetako joera bertsuan dabil kopurua,uztailaren 12 eta 18 artean COVID-19az kutsatutako bost lagunek galdu zuten bizia.

Txertaketa aurrera doa

Bien bitartean, txertaketa aurrera doa. 12-15 urte artekoei ordua ematen hasi zen atzo Osakidetza, eta Jaurlaritzak jakinarazi zuen dagoeneko 30.000tik gora banatu dituztela. Egoera bestelakoa da Ipar Euskal Herrian; txertaketa plangintzan adin irizpiderikez badago ere, txertaketaren datuak apalagoak dira. Horren harira, Frantziako Gobernuak osasun ziurtagiria ezarri du asteon, kultur eta aisialdi guneetara sartzeko; agorriletik aitzina, ostalaritzan eta distantzia luzeetako garraiobideetan eskatuko dute.

Ziurtagiri horren helburua herritarrak «txertatzera bultzatzea» da, Jean Castex Frantziako lehen ministroren hitzetan. «Ahalik eta leku gehien irekiak atxikitzeko modua da, hala nola jatetxeak, leku horietan maskara ez baita erabilgarria». Halere, Castexek zehaztu du ostalariek ziurtagiriaren QR kodea soilik begiratuko dutela, eta ez dutela herritarren nortasuna egiaztatu beharko. «Poliziak ausazko kontrolak eginen ditu nortasunak egiaztatzeko». Bestalde, jakinarazi dutxertoa jaso duen herritar bat kontaktu kasu baldin bada ez duela konfinatu beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.