Autogobernua modu «hertsian» babesteko asmoa azaldu du Barkosek

Urte amaierako mezuan esan du Nafarroan egonkortasun «ekonomikoa eta politikoa» lortu dela

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, atzo emandako urte amaierako mezuan. BERRIA.
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak konpromisoa azaldu du «foru erregimenaren eta autogobernuaren defentsa hertsia, zorrotza eta leiala» egiteko. Atzo emandako urte amaierako mezuan egin zuen adierazpen hori. Bereziki, aldarrikatu du Trafiko eta Bideko Segurtasuneko eskumenak berreskuratzeko garaia dela. «Gobernu zentralak zor hori betetzeko aukera du. Nafarroak lana egina du, eta zorrotza izango da». Horrez gain, nabarmendu du Nafarroako gizartea gai dela etorkizunari aurre egiteko, «kohesioan, elkartasunean eta esfortzuan» oinarritzen delako. Azaldu du mehatxuen aurrean balio horiek izan daitezkeela «armarik onena».

Azken lau urteetan Nafarroan «egonkortasun politikoa eta ekonomikoa» lortu dutela azpimarratu du, eta horrek adierazle sozioekonomikoak hobetu dituela. Hala ere, aitortu du ezin direla horrekin konformatu; helburu nagusia enplegua sortzea dela jakinarazi du: «Horretan ari gara, eta gure ahalegin guztia egingo dugu». Ziurtatu du lanean jarraituko dutela, «kalitatezko ongizate estatua» garatzen jarraitzeko: «Krisiaren urterik okerrenetan gertatutako murrizketen azpiegitura sozialak berreskuratu ditugu, baina oraindik badago zer egin». Laugarren urtez jarraian Nafarroako aurrekontuak onartzea ere txalotu du. «Lehentasunen aldaketa argia sustatu ahal izan dugu, eta zerbitzu publikoen kalitatea finkatu».

Barkosen iritziz, 2018an inoiz baino gehiago atera da kalera Nafarroako gizartea. Adierazi du herritarrek gizonen eta emakumeen arteko berdintasun «erreala eta eraginkorra» eskatu dutela. Azpimarratu du diskriminazioaren, jazarpenaren eta indarkeriaren aurkako mobilizazio «historikoak» egin direla. «Ezbairik gabe, 2019an emakumeen aurkako indarkeria gogaikarriaren aurka borrokan jarraitu beharko dugu». Horri aurre egiteko, arazoari «sustraitik» heldu behar zaiola azaldu du, hezkuntzatik, hain zuzen ere.

ETAren behin betiko amaierari ere egin dio aipamena Barkosek. Azaldu du Nafarroako gizarteak «aspalditik» egindako eskakizuna dela. «Memoria kritikoan» aurrera egiteko gonbidapena egin dio herritar orori. «Memoria, iraganeko kontua ez ezik, etorkizunekoa ere bada. Helburu horretan, elkar aurkitu behar dugu»

«Mundura irekitako jarrera»

Nazioarteko kontuez ere mintzatu da. Europako Batasuneko liskarrak eta «gorroto» diskurtsoak gaitzetsi ditu. «Populismo xenofoboa sustatu eta gure eskubideen, askatasunen eta ekitate sozialaren sistema eztabaidan jartzen dute». Adorea eskatu du, eta adierazi «beldurrik gabe» aurre egin beharreko erronka dela. Azpimarratu du Nafarroako gizartea aurrerantzean ere «demokratikoa, solidarioa eta irekia» izango dela, orain «den bezalaxe», eta oinarrizko demokrazia eta justizia soziala defendatu behar dituela. Nafarrei eskatu die «mundura irekitako jarrera» izateko: «Une gakoan bizi gara Europako Batasunean, eta Nafarroak asko du emateko». Adierazi du lurraldearen nortasun berezia «defendatu» behar dutela, eta «ahotsa eduki».

2019ra begira, Nafarroa komunitate «lehiakor» eta «berritzaile» gisa finkatzea nahi du. Horrez gain, «ingurumena errespetatzea» aurkeztu du erronka moduan, ekonomia «berdeagoa eta zirkularra sustatuta». Helburuak ere azaldu ditu: besteak beste, Nafarroak «integratzailea, berritzailea eta solidarioa» izan behar du. «Guztion artean Nafarroa hobetzeko urtea da», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.