Zubietan industria hondakinak errausteari atea ireki dio Jaurlaritzak

GHK-k Jaurlaritzari eskatu dio ingurumen baimen bateratua moldatzeko, aldaketa hori funtsezkoa ez dela iritzita, eta gobernuak hala ebatzi du

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
inaki petxarroman
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Zaldibarrek eragindako hondakinen kudeaketaren krisiari beste ertz batetik erantzun dio orain Eusko Jaurlaritzak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eskatu dio hainbat aldaketa egiteko Zubietako erraustegiaren jarduteko baimenetan, aldaketa horiek «ez-funtsezkoak» direlakoan. Aldaketa horien bidez, GHK-k lortu nahi du industria jatorriko hondakinak erraustu ahal izatea Zubietako plantan, eta Jaurlaritzaren babesa lortu du horretarako: «Ingurumen baimen bateratua (IBB) aldatzea eskatzen duten ez-funtsezko aldaketatzat jotzen dira GHK-k egindako eskaerak».

Hala, onetsi egin du Jaurlaritzak IBBa aldatzea, baina, aldaketa funtsezkoa ez denez, doikuntza horien tramitazioa bizkor egingo da, ez dutelako baimen bateratua hutsetik hasi behar. GHK-k aldaketa hauek eskatu dizkio Jaurlaritzari: ontzi arinak, materia organikoa, papera, kartoia eta tamaina handiko hondakinen kudeaketa plantetako errefusak jaso ahal izatea Zubietan. Eta, horrez gain, tratamendu mekanikoetako hondakin nahasiak, industrialdeetako plastiko eta bestelako hondakin ez-balioztagarriak. Halaber, Zubietara eraman nahi dituzte erretze prozesu osoa egin gabe duten hondakinak eta zepak, errauste prozesua «osatzeko». Eta, horiekin batera, labe azpiko errautsak ere jasotzeko baimena nahi du GHK-k.

Aldi berean, hondakin arriskutsu gisa izendatuta daudenak ere kudeatu nahi dituzte Zubietan: besteak beste, ikatz aktibo erabiliak.

Hiri hondakinak

GHK-k egindako eskaera ez dela funtsezkoa dio Jaurlaritzak, ez duelako aurreikusten eragina izango duenik osasunean, ingurumenean eta plantaren segurtasunean. Aintzat hartu behar da, baina, Zubietako erraustegia hiri hondakinak kudeatzeko azpiegitura bat dela, eta haren erabilera esklusiboa dutela Gipuzkoako udalek eta mankomunitateek. Besteak beste, haien gain geratzen delako Zubietako erraustegiaren finantzaketa bere osoan. Izan ere, plantaren erabilgarritasunagatik 29 milioi ordaintzen da hilean, eta bakarrik bi milioi dagozkio sartzen diren hondakinak kudeatzeari.

Industria hondakinak jasotzen hasteak planteamendu ekonomiko horretan nola eragingo duen ez du zehaztu GHK-k oraingoz, zeren enpresak hondakin sortzaile pribatuak dira. Haiek Ekondakini zuzenean ordainduko baliote, nabarmen handituko litzateke enpresaren etekina, baina horrek ez du esan nahi mankomunitateen ekarpena txikituko litzatekeenik. Halaber, hondakinak Gipuzkoatik bakarrik jasoko diren edo kanpotik ekartzeko aukera izango duten ere ez dute oraingoz zehaztu. Orain arte, GHK-ko arduradunek beti esan dute herrialdeko hondakinak bakarrik erreko dituztela Zubietan, baina aldaketa honek atea ireki diezaioke kanpoko hondakinak jasotzeari.

Eusko Jaurlaritzak Ekondakinen esku utzi du tratatzea aurreikusten diren hondakinen «hasierako karakterizazioa», erabakitzeko ea erraustegian kudeatzeko modukoak diren edo ez. Hau da, enpresak erabakiko du zer industria hondakin erre daitezkeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.