Hondeamakinak ohe azpian

Donostiako tren pasabideko lanek «zarata jasangaitza» eragiten dutela salatu dute bizilagunek

Donostiako metroaren lanak, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Zarata izugarria jasaten dugu, burrunba etengabe bat, etxe azpian hegazkin bat ibiliko balitz bezala». Nekatuta mintzo da Elena Herrador. Hilabete osoa darama etxean lo egin ezinik. Gauero, ozen aditzen ditu Donostiako tren pasabideko lanetako hondeamakinak eta zulagailuak. Ez da bakarra. Azken asteetan, antzeko eragozpenak pairatu dituzte Amara Zaharra auzoko beste hainbat bizilagunek ere. Hori dela eta, 179 auzokidek kexa helarazi diete Donostiako Udalari, Eusko Jaurlaritzari, ETS Eusko Trenbide Sarea enpresari eta EAEko Arartekoari, obrek gauetan eragiten dituzten «zarata eta dardaraldi jasangaitzak» direla eta.

Otsail bukaeran hasi zen amesgaiztoa Osasuna, Amara Gaina eta Autonomia kaleetako bizilagunentzat. «Lanak urtarrilean hasi ziren, baina gu otsailaren 24ko gauean hasi ginen zarata nabaritzen. Lur azpitik zetorren hotsa, eta ezin genuen lorik hartu», kontatu du Herradorrek. «Nola hartuko genuen, ba? Zulagailua hortxe genuen, etxe azpiko lurra jaten, metroko zuloa egiteko».

Donostiako Udaltzaingoak eginiko neurketek ere egiaztatu zuten metroko lanek zarata maila gainditzen zutela. «Zazpi aldiz jarri zuten neurgailua nire logelan», gogoratu du bizilagunak. «Guztietan, 30 dezibeleko maila gainditu zuen zaratak, baina izan ditugu 60 dezibeletik gorako uneak ere». Kutsadura akustikoa arautzen duen udal ordenantzaren arabera, 22:00etatik aurrera zaratak ez luke 27 dezibeleko muga gainditu behar. 60 dezibeleko zarata erregistratu daiteke, adibidez, jendez betetako bulego batean edota errepide bateko trafikoa neurtzean. «Burrunba hori gauero eta hilabete oso batez jasan behar izatea tortura da».

Herradorrek gaineratu du kalte fisikoak ere pairatu dituztela lo ez egitearen ondorioz: «Antsietatea, loaren nahasmenduak, buruko minak... Medikazioa hartu behar izan dut horren ondorioz. Etxekideak eta biok alde egitea erabaki genuen, ezinezkoa baita hemen bizitzea».

Kalte fisiko eta psikologikoez gainera, kalte materialak ere salatu dituzte bizilagunek: Satorralaia metroaren aurkako bizilagunen elkarteak aditzera eman duenez, pitzadurak agertu dira Zarautz etorbideko etxebizitza batean, tunela egiteko lanen ondorioz. «Etxeak lehendik zituen pitzadurak handitu, eta arrakala berriak azaleratu dira. Hainbat salaketa aurkeztu ditu bizilagun horrek, baina inork ez dio konponbiderik eman», azaldu du plataformak, ohar batean.

Herradorrek ere utzikeria egotzi die erakundeei: «Hasieratik izan dute gure arazoaren berri, baina enpresak bereari eusten dio, informaziorik edo konponbiderik eman gabe; udalak, berriz, zaindu beharko luke lanak ondo egiten direla, baina ez dago kontrolik batere. Gure kexak bideratzen dituzte Ingurumen Sailera, baina ez digute ezertxo ere esaten».

Auziaz galdetuta, Eneko Goia alkateak nabarmendu du ordenantzak eta protokoloak bete direla: «ETS da eraikuntza lanez arduratzen den enpresa, eta, bizilagunen ezinegonaren berri izan genuen momentuan, harekin harremanetan jarri ginen. Orain, enpresa bera ari da neurketak egiten, eta, egoera egiaztatuta, hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu». Bentaberriko geltokiko lanak jarri ditu adibide gisa: «Orduan, kexu azaldu ziren bizilagunak, eta enpresak erabaki zuen gaueko lanak gelditzea. Orain ere neurketa eta analisien arabera hartuko dira erabakiak».

Euskal Trenbide Sareak, ordea, ukatu egin du bizilagunen kexak jaso izana: «Bide ofizialetatik, behintzat, ez dugu auziaren berri izan», azaldu diote enpresako iturriek BERRIAri. «Orain arte, kexa formal bakarra erregistratu dugu Donostiako arreta bulegoan, bizilagun batena; horrez gain, posta elektronikoz, telefonoz edo beste bide batzuetatik ere heldu zaizkigu beste bederatzi mezu».

Enpresak nabarmendu du neurketak egin dituztela Amara Zaharreko lau etxebizitzatan, «homologatutako laborategi baten bidez». Horren ostean, hartu beharreko neurriak zehaztuko dituzte: «Erabateko ziurtasuna izan behar dugu gaueko lanak eteteko, lur azpiko harkaitza ez baita homogeneoa; neurketen emaitzak aldakorrak izan daitezke egunaren arabera. Ez da egun batetik bestera egin daitekeen prozesu bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.