Bi gizon atxilotu dituzte, bata Donostian eta bestea Gasteizen, sexu eraso bana leporatuta

Gipuzkoako hiriburuko biktima adingabea da, eta erasotzaileak 18 urte ditu. Gasteizkoa kalean ukituak egiteagatik atxilotu dute.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat Donostian. A. CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun

Bi gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistarekin lotuta: bata Donostian, eta bestea Gasteizen. Adingabea da Gipuzkoako hiriburuan sexu erasoa jasan duen emakumea, eta gizonak 18 urte ditu. Arabako hiriburuan atzemandako gizonak 38 urte ditu, eta kalean paseatzen ari zen emakume gazte bati ukituak egitea leporatuta atxilotu dute.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Donostiako erasoa igande gauean jazo zen, etxe batean. Handik irten zenean, emakumeak salaketa jarri zuen, eta Ertzaintzak astelehen arratsaldean atxilotu zuen gizona.

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak «erabat gaitzetsi» du gertakaria. Eneko Goia alkatearen hitzetan, «oso larria» da, eta «guztiz onartezina». Aurreko astean Bilbon izandako talde bortxaketa ere gaitzetsi du. Gaur eguerdian elkarretaratzea egingo dute Donostiako udaletxearen aurrean, eta alkateak bertara batzeko deia egin die herritarrei.

Gasteizen ere atxilotu zuten gizon bat herenegun. 38 urte ditu, eta emakume gazte bati ukituak egitea leporatu diote. Udaltzaingoko iturriek adierazi dutenez, astearte gauean jazo zen erasoa, 23:30 aldera, gaztea bere familiarekin batera paseatzen ari zela. Gizonezkoak ihes egin zuen segidan, baina biktimaren senideek minutu gutxi barru atzematea lortu zuten, eta atxikita mantendu zuten udaltzainak iritsi arte.

Aurreko astean Bilbon izandako talde bortxaketaren harira, berriz, Clara Campoamor talde feministak eskatu du preso sartzeko baldintzapean aske dauden beste lau inputatuak. Guztira sei gazte atzeman zituzten; haietako bi espetxeratzeko agindu zuen epaileak; besteei dagokienez, argudiatu zuen erasoarekin lotzeko nahikoa frogarik ez zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.