Koronabirusa

Mugei muzin egin die birusak

Delta aldaerak atakan jarri ditu herrialde asko. Birusak lau milioi lagun hil ditu dagoeneko

Errepideko kontrol bat, Jakartan (Indonesia), astelehenean. MAST IRHAM / EFE.
Juanma Gallego.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan SARS-CoV-2 birusa gora eta gora ari da berriz. Datu gordinei erreparatuta, gainera, munduak beste langa bat gaindituko du aste honetan: John Hopkins unibertsitateak (AEB) duen kontagailuaren arabera, munduan lau milioi lagun inguru hil dira COVID-19aren ondorioz. Orotara, erakundeak 184 milioi kutsatze zenbatu ditu. Datu lazgarrien alboan, itxaropenerako zirrikitua uzten duen beste datu bat ageri da, berdez adierazita: munduan txertoen 3.244 milioi dosi jarri dira dagoeneko.

Askok espero zuten udan pandemiak hobera egingo zuela, baina errealitateak ez die kasurik egin. Aldiz, egoerak nabarmen egin du okerrera azken asteotan.Are gehiago, duela gutxira arte pandemiak gainetik ukituak zituen zenbait herrialdetan ere hasiak dira nozitzen ondorio gordinak. Fiji izan daiteke horren adibide. Martxora arte, Ozeano Bareko herrialde txikian bi heriotza eta 70 bat kutsatze besterik ez zituzten nozitu. Apiriletik aurrera, baina, gauzak okertzen hasi ziren. Egunotan, 5.700 kutsatu inguru dituzte, eta soilik igandean, hiru hildako izan zituzten.

Etxeratze agindua

Herrialde askotan gobernuek neurri murriztaileei ekin diete berriro, iraganean izandako esperientziak gogora ekarriz. Portugalen, 45 eskualdetan etxeratze agindua ezarri zuten ostiralean, 23:00etatik 05:00ak arte. Herrialdeko hiri nagusiei eragiten die neurriak, herrialdearen populazioaren erdiari, hain justu. Europa osoko bidaiak erraztu behar zituen ziurtagiri digitala martxan jarri eta gutxira, Alemaniak sarrera mugatu zien herrialde horretatik joandako bidaiariei, eta berrogeialdiak eskatu zituen.

Indonesian, osasun egoera larritzen ari da, eta horri aurre egiteko ospitale askotan pazienteak artatzeko oxigenorik gabe geratzen ari dira, duela hainbat aste Indian gertatu zen moduan. Iran ere ari da bueltatzen pandemiaren hasieran izan zuen moduko egoera batera: hiri gehienetan, agintariek bertan behera utzi dituzte oinarrizkoak ez diren jarduerak.

Errusian ere pandemia gora eta gora ari da etengabean. Astelehenean 737 hildako zenbatu zituzten, pandemiaren hasieratik egun batean erregistratutako kopururik handiena. Errusiak iazko abendutik du eskura Sputnik V txertoa, oraingoz OME Osasunaren Mundu Erakundearen onespena jaso ez duen arren. Joan den astean, Vladimir Putin presidenteak onartu zuen ez zutela lortuko abuztuan populazioaren %60 txertatuta izateko helburua. Oraingoz, populazioaren %16 inguruk besterik ez du hartu txertoaren dosiren bat. Pandemia arrastoan sartzeko asmoz, Moskuk telelanaren alde egin du berriz, eta zenbait eskualdetan derrigorrezko txertaketa ezarri dute arlo publikoko langileentzat. Gainera, urtarriletik arinduta zituzten neurri murriztaileei ekin diete hainbat eskualdetan, batez ere turismoari eta aisialdiari begira.

Israel da beste kasu adierazgarri bat. Duela hainbat aste, herrialdeak iragarri zuen maskararen erabilerari loturiko neurriak arinduko zituela, populazioaren erdia baino gehiago txertatuta izanda, neurri murriztaile hori beharrezkoa izango ez zela iritzita. Alabaina, atzera jo behar izan dute, eta, berriro ere, toki publiko itxietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Hainbat astez nolabaiteko barealdian izan ondoren, atzo 500 kutsatze baino gehiago atzeman zituzten, martxotik izandako kopururik handiena. Herrialdeko osasun agintariek ohartarazi dute delta aldaeraren aurrean Pfizer txertoaren eraginkortasuna %64 dela, baina onartu dute kasu larrien %93 eragozten dituela.

Aldaeren gaineko kezka

Aldaera horren zabalpen azkarra da, hain justu, buruhauste gehien ematen ari dena. Aurrenekoz Indian identifikatu zuten delta aldaera, baina aise zabaldu da mundu osoan barrena, indar biziz: gutxienez 85 bat herrialdetara iritsi dela kalkulatzen da. Antza, aldaera hori mugetako kontroletan detektatzea zailagoa da, kutsatuta dagoenari ohiko hotzeri baten sintomak antzematen zaizkiolako: buruko mina, eztarriko mina eta mukiak. Adibidez, Australiak kontrol zorrotzak ezarri ditu mugetan, eta, halere, Melbournen hasiak dira aldaera horri lotutako kasuak agertzen. Gainera, atzo Turkiak jakinarazi zuen are kezka handiagoa sortzen duen delta plus aldaeraren hiru kasu atzeman dituztela.

«Bi abiadura»

Datuak datu, OMEk ohartarazi du «bi abiadurako pandemia» sortzen ari dela munduan. Atzo zenbait herrialderekin eta botika etxerekin Genevan izandako bilkura batean, erakundeko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusek bi egoera alderatu zituen: batetik, «babes materialen, testen, oxigenoaren eta, batez ere, txertoen hornidura kontrolatzen duten herrialdeak»; bestetik, garapen bidean dauden herrialdeak, «ospitaleratzeak eta heriotzak» nozitzen ari direnak. Erantsi zuen aldaera berriek «egoera larrian» jarri dituztela herrialde horiek. Hegoafrikako jarduneko osasun ministro Mmamoloko Kubayik gogora ekarri zuenmunduan jarri diren txertoen %0,3 baino ez direla iritsi bigarren multzoko herrialdeetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.