Mendekotasunaren itxaron zerrendan zeuden 1.424 lagun hil dira aurten

Espainiako Eskubide Sozialen Ministerioak argitaratu ditu datuak. Egoera berean zeuden 2.720 herritar hil ziren iaz Hego Euskal Herrian

Mendekotasuna duen adineko bat, iazko maiatzean. J. MANTEROLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Mendekotasunaren itxaron zerrendetan zeuden 1.424 herritar hil dira Hego Euskal Herrian urteko lehen zazpi hilabeteetan. Espainiako Eskubide Sozialen Ministerioak ostiral honetan argitaratu ditu azken datuak, baina ez ditu probintzia bakoitzeko datuak eman. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.308 pertsona hil dira itxaron zerrendetan zeudela. Horietatik 1.214 pertsonak aitortua zuten laguntzaren bat jasotzeko eskubidea, baina jaso gabe zeuden oraindik; beste 206, berriz, mendekotasun mailari buruzko ebazpena noiz emango zain zeuden.

Nafarroako itxaron zerrendetan, berriz, 116 herritar hil dira zazpi hilabeteotan, eta horietatik 112k aitortua zuten prestazioa jasotzeko eskubidea, baina jasotzeko zain zeuden. Gainera, beste lau pertsona mendekotasun mailari buruzko ebazpena noiz emango zain zeuden.

Espainiako Eskubide Sozialen Ministerioak atzo argitaratu zituen datu horien arabera, beraz, batez beste mendekotasuneko itxaron zerrendan zeuden zazpi herritar hil dira egunero Hego Euskal Herrian, urtarriletik uztailera bitartean. Gainera, azpimarratzekoa da Hego Euskal Herrian mendekotasun sistemaren onuradunen kopurua nabarmen txikitu dela. 345 pertsona gutxiago izan dira sistema horren onuradunak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 266, eta Nafarroan, berriz, 79.

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak emandako datuen arabera, iaz 2.720 herritar hil ziren Hego Euskal Herrian mendekotasuneko itxaron zerrendan zeudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.