Gizarte Zerbitzuak izanen dira Barnahus ereduko etxearen erdigunea

Lide Amilibiak adierazi du eraikinaren obrak atzeratuta daudela, lantaldearen lehentasuna izan delako proiektuaren edukia ontzea

Barnahus proiektuko lantaldeko kideetako batzuk, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Ekintza guztien lotura amankomuna». Horrela definitu ditu Gizarte Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzak. Zerbitzu hori izanen baita, hain zuzen ere, Barnahus ereduan oinarritutako lehenbiziko etxearen erdigunea. Gasteizen egonen da, eta helburua da sexu abusuak pairatu dituzten umeak berriz ez biktimizatzea. Ume horiek maiz bide luzea egin behar izaten dutelako euren testigantza emateko. Hortaz, haiei zuzendutako zerbitzu andana bilduko dira etxean.

Proiektuaren antolaketaren inguruko erabakia atzo jakinarazi zuten zenbait eragilek, Gasteizen izan zuten bilera batean. Han izan ziren, bertzeak bertze, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Save the Children taldeko ordezkariak eta Osasun, Hezkuntza eta Segurtasun arloetako kideak. Proiektuan aritzen den taldeak egindako lanaz, etorkizuneko erronkez eta obra proiektuaz ere mintzatu ziren bileran.

Gizarte zerbitzuak egoitzaren kudeaketaren erdigunean badaude ere, bertze zenbait alorretako eragileek ere prozesuan parte hartuko dute: judizialak eta polizialak umea arriskuan egonen balitz, hezkuntza arlokoaktresnak izanen dituzte umeen kontrako indarkeria kasuak identifikatzeko eta osasungintzako profesionalak kasu horietarako protokolo bat duten arren, Barnahus eredura moldatu beharko dute. Arlo horietako bakoitza bere antolaketa fintzen dabil, atzo aurkeztu zuten eskema orokorrean txertatzeko. Sistema guziendako lengoaia amankomun bat finkatu zen, tramiteak azkartzeko.

Kate horretan, nonbait, ume bat sexu abusuen biktimatzat jotzen bada, gertatutakoa Barnahus etxean kontatzen ahalko dute: lekukotasuna emanez polizia etxeetatik eta ospitaleetatik pasatu gabe. Espazioa, gainera, beraien neurrira eta erritmoetara moldatuta egonen da, ez daitezen deseroso sentitu. Gizarte zerbitzuek, abokatuek, magistratuek eta osasun arloko profesionalek sare bat osatuko dute,umea berriz ere biktima izan ez dadin.

Atzoko bileran, eraikinaren lehenbiziko argazkiak ikusi ahal izan zituzten, zeina oraindik obretan dagoen. Amilibia: «Egia da atzerapen bat dugula obretan, baina garrantzitsua iruditzen zaigu gure ahaleginak lehenik edukian zentratzea».

Hala ere, azaldu zuen 2022an hilabetean behin bildu zirela, eta koordinatzeko «lan handia» egin duela taldeak. Joan den urteko agenda ere errepasatu zuen Amilibiak: bederatzi bilera egin zituen lantaldeak; umeei eta nerabeei egindako indarkeriaren inguruko tailerrak egin dituzte; nazioarteko bertze Barnahus etxeekin elkarrizketak izan dituzte; eta Danimarkako Barnahus etxera bisita egin zuten.

Bostetik bat

Proiektua aurkeztu zutenean Save the Children taldeak azaldu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.000 eta 4.000 ume eta nerabe bitarte sexu abusuen biktima izan direla. Taldearen erranetan, gainera, gizartean indarkeria sexuala pairatu duten bi pertsonatik bat adingabeak da. Hala ere, nabarmendu zuen kasuen %15 bertzerik ez dela salatzen; gai ikusezina da. Hortaz, Barnahus etxe ereduaren inguruko informazioa emateko eta gaiaren mamia azaltzeko, taldeak Etxepe berean txostena argitaratu zuen 2021ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.