Albistea entzun

Giza kate batek lotuko ditu Donostia eta Errenteria, euskara batua goratzeko

Ikastolen Elkartearen eta Euskaltzaindiaren «lankidetzaren» emaitza da. Martxoaren 24an izango da. Katean 8.000 lagun inguru batuko dira
Omenaldiaren aurkezpena, atzo, Donostian; Nekane Artola eta Miriam Urkia hainbat ikaslerekin.
Omenaldiaren aurkezpena, atzo, Donostian; Nekane Artola eta Miriam Urkia hainbat ikaslerekin. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko martxoak 18 - Donostia

Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako omenaldia da; Batasunaren bidean izena jarri diote, eta euskara batua goraipatzeko asmoz egingo dute. Atzo goizean aurkeztu zuten, Donostian. Ikastolen Elkartearen izenean Nekane Artolak hartu zuen hitza, eta Euskaltzaindiarenean, Miriam Urkiak. Omenaldiaren harira egingo den giza kateak 8.226 metro hartuko dituela iragarri zuten; Errenterian hasi, eta Donostiara.

«Euskal Herri osoko ikastoletako» haur eta nerabeak giza katean izango direla azaldu zuen Artolak; Gipuzkoako 30 ikastoletako haur eta nerabeak izango dira, eta gainerako herrialdeetako ikastoletako ikasleek ere parte hartuko dute. Artolak argi utzi zuen, hala ere, «nahi duten herritar guztiek» parte hartzeko era izango dutela: «Parte har dezaketen herritarren kopuruak ez dauka mugarik». Horiek horrela, euskaltzale guztiei egin zien bertaratzeko deia. Ikasleek giza katean aparteko tokia izatea nahi dute, «transmisioaren garrantzia» gogoan hartuta. «Horregatik, koloretsua eta baikorra izango da egitasmoa». Katean gutxienez 7.000 lagunek parte hartuko dutela bermatuta dute jada. 8.000 pertsona inguru espero dituzte, bidea behar bezala osatzeko.

Omenaldiaren ideia Errenteriako Orereta ikastolarena izan zen, 2023ko Kilometroak jaiaren egitarauaren barruan egiteko; baina, Ikastolak Herriari egitasmoa «nazionala» dela aintzat hartuta, horren barruan antolatuko dute azkenean.

Parte Zaharrera

Giza katea Errenteriako Gamon zumarditik abiatuko da; Koldo Mitxelena hizkuntzalaria oroitzeko han jarrita dagoen eskulturaren paretik, hain justu ere. Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko da, Parte Zaharrean. 11:00etan hasi eta 11:30ak arte egongo da giza katea osatuta. Ondoren, bost gune edukiko dituzte egokituta antolatzaileek, horietan euskara batua goraipatzeko ekitaldiak egiteko. Errenterian, Pasaian, Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Konstituzio plazan egongo dira gune horiek.

Orereta ikastolako hainbat haurrek parte hartu zuten atzo aurkezpenean, eta Urkiak poza azaldu zuen Euskaltzaindiaren izenean, «gazteen» artean egoteagatik. Euskaltzaindiak Ikastolen Elkartearekin duen «lankidetza giroan» omenaldia antolatzea «pozgarria» dela esan zuen. Horiek horrela, Euskaltzaindiaren izenean deitu zuen parte hartzera. «Denok eskuak lotuta, euskararen alde jardun dezagun auzolanean, irribarrea —eta euskara— ezpainetan. Zinez, mirarizkoa da Euskal Herrian erdietsi duguna. Idazleek, itzultzaileek, hedabideek, ikastolek, eskolek, euskaltegiek, argitaletxeek, irakasleek, legelariek, zientzialariek... egin dutena, egin duguna. Guztiona eta denontzat da euskara».

Hamabost pertsona

«Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako hamabost pertsona oroitzea», horixe da omenaldiaren helburu nagusia. Hala ere, argi utzi nahi izan dute gizarte oso baten arrakasta izan dela euskara batua. «Euskara batua herriak nahi izan du, herriak sortu du, eta herriak egin du bere, erabileraren bidez», azaldu du Artolak. Alde horretatik, argi du ezin dela esan euskara batuaren sorrera adierazten duen «historiako une bakarra» dagoenik: «Une asko dira, zein baino zein beharrezkoagoak. Horiek horrela, omenduen izenak beste hainbat ere izan zitezkeela nabarmendu du Urkiak: «Euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker baita, herritar anonimo askori esker». Euskara batua «auzolanean» egindako egitasmoa dela gogoratu du, «langintza kolektiboaren» emaitza.

Gizarte osoak euskara batuaren sendotzean izan duen garrantzia argi eta ozen nabarmenduta ere, bereziki hamabost sustatzaile hauek omenduko dituzte gorazarre ekitaldian: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knorr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.

Martxoaren 23an bertan, 17:30ean, ekitaldi instituzional bat egingo da Errenteriako udaletxeko areto nagusian, eta, hor, berriz omenduko dira euskara batuaren sustatzaileak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protestak

«Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat behar dugu»

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protesta jendetsuak egin dituzte ikasleek Hegoaldeko hiriburuetan. Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute.

'Batasunaren bidean' giza katearen aurkezpena. ©Maialen Andres / FOKU

Giza katea egingo dute bihar 8.000 lagunek, euskara batuaren alde

Julen Otaegi Leonet

Errenteria eta Donostia artean egingo da giza katea; 8.226 metro luze izango da. Euskara batuak Euskal Herriaren «garapenean izan duen balioa azpimarratzeko» eta haren bultzatzaileak «oroitzeko» egin dute deialdia.

Isabel Zelaa Hezkuntza ministro ohia, artxiboko irudi batean. ©Luca Piergiovanni / EFE

‘Zelaa legea’ babestuko du Konstituzionalak, Voxen helegite bat atzera botata

Berria

Epaimahaik atzera bota du ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak diruz laguntzearen alde egiten zuen ebazpen zirriborroa.

SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. ©jagoba manterola / foku

Osasunbideko lan baldintzen legea onartu dute Nafarroako Parlamentuan, ia aho batez

Ion Orzaiz

11/1992 Foru Legea moldatzearen alde egin dute talde gehienek. Ezkerrak abstentziora jo du, «mahai orokorraren oniritzirik ez duelako».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.