Legegintza egutegiak estututa

Datorren urteko uda aldera amaituko da Iñigo Urkulluren agintaldia. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratu izanak ez ditu, hasiera batean behintzat, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren planak aldatuko. Urkulluk esana du legealdiko azken hilabeteetan «normaltasunez» aritzea dela bere asmoa, eta, hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Europako hauteskundeen egun bererako deituko ditu herritarrak bozetara: 2024ko ekainaren 9rako. Hipotesi horrekin ari direla lanean baieztatu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere.
Hori hala izanik, Urkulluren gobernuak beste urtebete du aurretik gobernu programan jasotako 36 lege egitasmoak aurrera ateratzeko. EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta aritmetikaren ikuspuntutik bederen, eroso samar atera ditzakete aurrera aurreikusitako legeak. Alabaina, agintaldi honetan ere ez dago egutegia zorrotz betetzen ari: lege proiektu batzuen tramitazioa aurreratua du gobernuak, eta beste batzuena, berriz, atzeratua.
Besteak beste, Garapenerako Lankidetzari buruzko Legearen tramitazioa dago atzeratua: 2021eko bigarren seihilekoan onartu behar zuen gobernu kontseiluak, baina aurtengo maiatzean onetsi du aurreproiektua, ia bi urte geroago. Horrez gain, gobernu kontseiluak joan den urterako onartua beharko luke Gardentasun eta Herritarren Parte Hartzeari buruzko lege proiektua, baina ez du halakorik egin: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak legeari buruzko aurretiazko kontsulta publikoa itxi zuen urtarrilean, eta oraindik jaso gabe ditu arauari lotutako txosten juridikoak.
Haurren eta nerabeen eskubideen lege proiektuaren tramitazioa ere ez doa erritmo onean. Izan ere, 2021eko bigarren seihilekoan Gobernu Kontseilura eramatea aurreikusita zegoen, baina oraindik kontsulta fasean dago eta hilabeteak beharko ditu gobernu kontseiluak onartzeko.
Jaurlaritzak 2020-2024 aldirako legegintza programan jaso zituen lege proiektu bakoitza zein eperen barruan onartu behar zuen gobernu kontseiluak. 2020ko azarokoa da dokumentua, eta han jasotakoari erreparatuz gero, erdiak inguru onartu ditu gobernuak. Hala ere, legegintza egutegian jaso ez zituen beste lege proiektu batzuk aurrera atera ditu, eta beste batzuen tramitazioa hasteko prozedurak abiatu: besteak beste, Kanpoko Euskal Komunitatearen legea eta Zibersegurtasun Agentziaren sorrera arautzen duena onartzeko konpromisoa hartua du.
Legealdian onetsi nahi dituen legeen artean, bik dute garrantzi berezia: Hezkuntza Legeak eta Enplegu Legeak. Munta handiko arauak dira, baina legebiltzarrean tramitatzen ari dira oraindik. Gobernuaren asmoa da biak ala biak legegintzaldia amaitu aurretik onartzea, baina horretarako azeleragailua zapaldu beharko du.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.