Elorritxuetako adingabeen zentroaren (Artxanda mendia, Galdakao) itxieraren aurka, greba mugagabea hasi dute bertako langileek. Elkarretaratzea egin zuten atzo Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean; eta «Gizarte Ekintza Sailaren tratua» eta «Landalan elkartearen utzikeria» kritikatu zituzten Adnan Boughlala enpresa batzordeko presidenteak, eta Joseba Andoni Fernandez eta Beatriz Rodriguez langileek. Aldundiaren zerbitzua da Elorritxueta, eta Landalanek kudeatzen du. Iaz, Landalanek adierazi zuen zerbitzua emateari utziko ziola. Hilaren 30ean itxiko dute, eta hemeretzi langile kaleratuko dituzte. Beharginen egoera kritikatzeko ez ezik, zentroetako egoera salatzeko ere baliatu zuten protesta, eta zentroen «masifikazioaz» ohartarazteko.
2021eko abenduan jarri zuten martxan zentroa. Orduan Zornotzako (Bizkaia) lehen harrerarako zentroa eraberritzeko obrak hasi zituzten, eta zerbitzua Elorritxuetara lekualdatu zuten. 2023ko otsailean Zornotzako zentroa ireki zuten berriro, Elgezabal izenarekin eta beste kudeatzaile batekin: Adaka-Agintzari kooperatiba. Landalanek bere erabakiaren berri eman zuenean, agindu zuen «subrogaziorako datu guztiak emango» zizkiola Agintzariri, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala. Hala ere, hori ez dute bete, eta subrogazioa ez da gertatu. «Publikoak izan beharko luketen eta aldundiaren mende dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakar», salatu zuten atzo langileen ordezkariek.
Bakarrik datozen migratzaile adingabeekin egiten dute lan zentro horietan. «Kolektibo zaurgarria da, eta arreta handiagoa eskatzen du; harrera gizarte berrira egokitzeko prozesuan laguntzen saiatzen gara». Salatu dutenez, urte askoan zehar, langileek eta adingabeek «egoera nahiko tamalgarria» bizi izan dute. «Harreran jasotako adingabeen kopurua batzuetan baimendutakoa baino bost aldiz handiagoa izan da: 40-60 pertsonarentzako zentroetan, 200 lagun izan ditugu». Gainera, langileen ratioak ez dituzte errespetatzen: «Bi langile 80 gazterekin; horrela ezin da lanik egin», salatu du Boughlalak.
Laguntza lana
Masifikazio horrek hainbat ondorio ditu: «Gazteen arteko gatazkak sortzea ohikoa da». Egoera ikusita, laguntza lana lehenetsi behar izaten dute beti, heziketa lanaren gainetik. Eta adingabeak babestu beharrean, kontrola ezartzera derrigortuta ikusten dute euren burua. «Horrelako baldintza tamalgarriekin ezin da kalitatezko arretarik eskaini».
Elorritxuetako zentroaren itxierak egoera okertu dezake: «Beste zentro batzuk mafisikatuko dira, gatazkak areagotuko dira eta bertan lan egiten duten langileen eskubideak kaskartuko dira». Izan ere, Elorritxuetako gazteak beste zentroetara mugitu dituzte. Gaur egun, «zentro guztiak beteta» daude, eta denak ari dira euren edukiera gainditzen. «Ez dauka zentzurik bat ixteak; logikaz, gehiago ireki beharko lituzkete». Zentroek espazio «seguruak» izan behar dute gazteentzat, eta masifikazioak ez du hori ahalbidetzen.
Langileek abisatu dute adingabeen zentroetan «masifikazioa» dutela
Hilaren 30ean itxi nahi dute Elorritxuetako zentroa. Beharginek greba mugagabea hasi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu