Tratu txarren biktimek ez dute epairik beharko babes neurriak jasotzeko

Iaz genero indarkeriaren aurkako estatu itunean jasotako neurriak martxan jartzeko, dekretu bat onartu du Espainiako Gobernuak

Carmen Calvo presidenteordea, aste honetako agerraldi batean. F. ALVARADO / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Iazko irailean, genero indarkeriaren aurkako estatu ituna onartu zuen Espainiako Kongresuak, baina orain hasi da Espainiako Gobernua akordioan jasotakoa garatzen. Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu zuen atzo, neurri batzuk paperean jartzeko. Besteak beste, bikotekideen edo bikotekide ohien tratu txarrak jasandako emakumeen biktima izaerari eragiten diote aldaketek: orain arte, epai irmoen bidez egiaztatu behar zuten biktima zirela, baina aurrerantzean fiskaltzaren, gizarte zerbitzuen edo antzeko zerbitzu espezializatuen txostenak ere erabili ahal izango dituzte. Hala, epairik gabe ere babes neurriak baliatu ahalko dituzte andre horiek. Madrilek orain erkidegoekin zehaztuko du egiaztatze hori nola bideratu.

Carmen Calvo gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, emakumeek epaitegietan egiten duten bidea erraztea dute helburu neurriok. Auzi prozesuan andreen «parte hartzea hobetzeko», ofiziozko abokatuen eta prokuradoreen izendapenak azkartuko dituzte, eta biktimei aukera emango diete akusazio partikular gisa aurkezteko prozeduraren edozein fasetan. Era berean, emakumeak ez dira behartuta egongo euren erasotzaileen aurka deklaratzera. Guraso agintearen alorrean ere aldaketak egin dituzte: genero indarkeria jasaten duten haurrek ez dute aitaren baimenik beharko arreta psikologikoa jasotzeko.

Neurriok aplikatu ahal izateko, hainbat lege moldatu behar izan ditu gobernuak, hala nola udalen legea, genero indarkeriaren aurkakoa eta kode zibila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.