Oposizioak eskatu du 'De Miguel auziarekin' loturiko kontratu publikoak eteteko

Salatu dute Miñaoko Parke Teknologikoaren handitze lanen azterketa auzipetu bati eman diotela. Ostiralean eztabaidatuko dute udalean

EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabaziko foru diputatuak, atzoko agerraldian. BERRIA.
jokin sagarzazu
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Arabako politikagintza baldintzatzen ari da herrialdean inoiz ikertu den ustelkeria sarerik handiena: De Miguel auzia. Aurreko astean jakin zen auzipetuek akordioa egin nahi dutela fiskaltzarekin, haiei leporatutako zigorrak murrizteko; hori dela eta, epaiketa etenda dago. Ez, ordea, eztabaida politikoa. Oposizioan dauden alderdiak auzi horrekin loturiko «irregulartasun» berriak ari dira azaleratzen azken asteetan. Laurak eskatu dute Miñaoko Parke Teknologikoak Stoa enpresarekin duen kontratua eteteko, enpresa hori De Miguel auziko ikerketan azaltzen delako. Batzar Nagusietan mozio bat erregistratu dute EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik hori galdegiteko, eta antzeko egitasmo bat aurkeztu du PPk Gasteizko Udalean.

Izan ere, Miñaoko Parke Teknologikoa berriz handitzeko egitasmoan parte hartzen ari da enpresa hori, aholkularitza lanetan, nahiz eta lau indar politikoek gogoratu dutenez De Miguel auziko ikerketan azaldu aurretik eginiko handitzen lanetako kontratuan fiskaltzak aurkitu zituen irregulartasunengatik.

Fiskaltzaren arabera, kargu publikoak zituzten auzipetu batzuek komisioak jaso zituzten, besteak beste parke horretako lursail batzuen salerosketagatik: EAJko 20 kargudun publiko ohi daude auzipetuta: Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Araba Buru Batzarreko kide ohiak, besteak beste. Horrekin lotuta ikertu dute Stoa ere. Fiskaltzaren arabera, parkeko lanetan aritzeko komisioa bat pagatu zuen enpresa horretako administraria den Sergio Fernandez Oleagak —kargu horretan jarraitzen du—. Hura ere auzipetuta dago, eta hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak harentzat.

EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik prentsaurreko batean eman dute euren mozioaren berri. Eskatu dute 2009ko kontratuarekin lotuta dagoen edozein jarduera bertan behera uzteko, adjudikazioan izan ziren irregulartasun guztiak argitu arte. Stoak aholkularitza lanak egiten ditu gaur egun. Horrez gain, hiru taldeek salatu dute Gasteizko udalak parkea handitzea erabaki duela horren beharra frogatu gabe; uste dute zabaltze proiektua ez dela beharrezkoa, parkearen egungo okupazioa %40koa delako. Horren ondorioz, egitasmoa onartu zuen instituzioari —udalari— galdegin diote berehala etetea kontratu hori, eta parkearen kudeaketaz arduratzen den enpresa publikoari bertan behera uzteko Stoarekin dituen hartu-eman guztiak.

Efe berri agentziaren arabera, PPk gauza bera eskatu du udalean aurkeztu duen egitasmoan; alegia, parkeak enpresa horrekin dituen kontratuak eteteko eta handitze lanen azterketa gelditzeko. Proposamen hori ostiralean eztabaidatuko dute udalbatzarrean, eta oposizioko gainontzeko taldeei batzeko eskatuko die alderdi popularrak. EH Bildu, Ahal Dugu, eta Irabaziren mozioa, berriz, aurrerago eztabaidatuko dute Batzar Nagusietan —datarik ez dute zehaztu oraindik—. Urriaren 9an eta 10ean egingo dute politika orokorreko saioa.

Handitzea, «beharrezkoa»

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak (EAJ), berriz, «beharrezkotzat» jo du parke teknologikoaren handitzea, eta oposizioko taldeen kritikak «hauteskunde interesekin» lotu ditu. Haien ondoren eginiko prentsaurreko batean, Gonzalezek azaldu du «geroz eta enpresa gehiagok» agertu dutela Araban ezartzeko asmoa, eta nabarmendu du enpresa handi batek tokirik ez lukeela izango Miñaoko egungo parkean. Gonzalezek ez du azalpenik eman nahi izan oposizioaren eskaerari buruz, eta kontratua 2009koa dela gogoratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.