Gaixoaldiak ordezkatuta saihestu nahi du Murgak lehen arretako greba

Ekainaren 17rako hirugarren greba egunera deitu dute Osakidetzako lehen arreta zerbitzuan. Beste neurri batzuk aztertuko ditu gobernuak

Lehen arretako langileen manifestazioa, apirilaren 12an, Bilbon. L. J. / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Hirugarren greba eguna egingo dute Osakidetzako lehen arretako zerbitzuetan: ekainaren 17an izango da, astelehenarekin, eta 5.000 langile inguru daude deituta. Agerraldia egin zuten atzo Bilbon ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak, beharginen egoera salatzeko. Apirilaren 12tik Osakidetzako ordezkariek hainbatetan atzeratu dute mahai sektorialaren bilera; azkenekoz, herenegun bertan, «lehen arretako zerbitzuak izango dituen premiak aztertzen» ari direla argudiatuta. Ekainaren 14rako ipini dute hurrengo batzarra. Haserre agertu dira sindikatuak atzerapen horrekin, eta erabaki dute beste greba deialdi bat egitea. Egun horretarako manifestazioa ere antolatu dute: 12:00etan abiatuko da, Gasteizko Bilbo plazatik.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak hedabideen bidez erantzun dio deialdiari. Bilboko Zazpikaleetako osasun zentrora egindako bisitan, esan zuen greba deialdia saihesten ahaleginduko direla, eta horretarako hilaren 14an zer eskainiko duen ere aurreratu zuen: udan eskura dituzten mediku, erizain eta pediatra «guztiak» kontratatuko dituzte, gaixoaldiek sortzen dituzten hutsune guztiak betetzeko. Ez da hori izango neurri bakarra: «Lantaldeen eta estrategien analisia egiten ari gara, baita lan eskaintza publikoarena ere, proposamen berriak egin ahal izateko. Oraingoz, premiazkoena konpontzen hasiko gara: udako arazoa».

«Erabakiak atzeratzen»

Sindikatuak kexatu dira bi greba egin dituzten arren Osakidetzak ez duela «lehen arretaren egoera larriak eskatzen duen proposamenik» egin. Oro har, langile eta denbora falta dira euren kexa nagusiak. Ohartarazi dute, besteak beste, mediku bakoitzeko erizain bat egon behar dela. Datorren astean ikusiko da Osakidetzaren proposamenak zenbat gogobete dituen sindikatuen eskaerak. Murgak esan du neurri hori indarrean jartzea «esfortzu handia» dela, eta langileek «aitortzea» espero du. Sindikatuen ustez, Osakidetzaren helburua lantaldea «desmobilizatzea» da. «Erabakiak atzeratzen ibiltzea» egotzi diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.