Ramiro Gonzalez hautatu dute Arabako ahaldun nagusi, bigarrenez

Iragarri du bertan behera utziko duela oposizioak hitzartutako zerga erreforma. EAJk eta PSEk gobernu akordioa sinatzea lortu dute

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ramiro Gonzalez jeltzalea hautatu zuten atzo Arabako ahaldun nagusi. Duela lau urte aukeratu zuten aurreneko aldiz; bigarren agintaldia izango du, beraz. Gehiengo osoz aukeratu zuten, EAJren eta PSEren botoekin —hamazazpi batzarkide dituzte jeltzaleek, eta hamar sozialistek—. Duela lau urte, ordea, gehiengo soilarekin aukeratu zuten, bigarren bozketan, EAJ eta PSE gutxiengoan zeudelako. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko kideak ere aurkeztu zuen hautagaitza atzo, eta bere taldearen hamabi boto jaso zituen. PPko zortzi batzarkideek eta Elkarrekin Arabako laurek boto zuria eman zieten bi hautagaiei.

Azken unera arte negoziatzen aritu ostean, jeltzaleek eta sozialistek lortu zuten Arabako Batzar Nagusietarako akordioa sinatzea inbestidura saioa hasi aurretik. Hala jakinarazi zuen Gonzalezek berak bigarren hitzartzean. Hala ere, ohartarazi zuten gaur iragarriko dituztela akordioaren xehetasunak, baita departamentuen eta karguen banaketak ere.

Goizeko saioan, Gonzalezek euskaraz egin zituen bere lehen hitzak. «EAJ-PSE tandemak funtzionatu egin du». Harro mintzatu zen azken lau urteotan egindako lanari buruz, eta harro agertu zen, halaber, azken hauteskundeetan herritarrek «babestu» egin dutelako EAJren eta PSEren kudeaketa. Azpimarratu zuen «lidergoa», «lankidetza» eta «egonkortasuna» bermatu dituztela azken lau urteotan, eta horiek izango direla datorren legealdirako lan ildoak ere. Gehiengo osoz gobernatuta ere, elkarrizketarako eskua luzatu zion oposizioari, «lurraldearen erronka nagusien» inguruan akordioak lortzeko.

Araba «Europako abangoardian» jartzea. Horixe izango da legealdi berrirako gobernuaren erronka nagusiena. Horretarako, Gonzalezek gobernu programaren ildo nagusiak finkatu zituen: hazkunde ekonomiko jasangarria, «kalitatezko» zerbitzu sozialetan oinarritutako gizarte kohesioa eta lurralde «bizia» sortzea.

Jakinarazi zuen Araba inbertsioetarako lurralde «erakargarria» izateko lan egingo duela, besteak beste, 10.000 enplegu berri sortuta eta industria alorrean teknologia berrietarako zentroa irekita. Zerga alorrari dagokionez, berriz, iragarri zuen bertan behera utziko duela EH Bilduk, Orain Arabak eta PPk joan den legealdian hitzartutako erreforma.

«Gehiengo progresista»

Bestalde, Fernandez de Pinedo EH Bilduko kideak hautagaitza aurkezteko arrazoia azaldu zuen: «Arabak haize freskoa behar du, aldaketak behar ditu, lurralde hobea eta justuagoa posible delako». Nabarmendu zuen «gehiengo progresista» bat lortzeko aukerak badaudela EAJ eta PSE akordioaz harago, baina sozialisten jarrerak ezinezko egin duela alternatiba hori, EAJrekiko «erabateko menpekotasuna» erakutsi dutelako.

EH Bildukoak «Araba berri baterako» proposamen bat egin zuen hitzaldian, hainbat ardatz xehetuta. Besteak beste, Araba «berdea», «feminista», «solidarioa», «euskalduna» eta «bakegilea» defendatu zuen. Gizarte alorrean, aberastasuna banatzea eta gizarte zerbitzuen eraldaketa sakon bat bultzatzea proposatu zuen. Trantsizio energetikoari bultzada ematea, Trebiñuko auzia «agenda politiko nazionalean» txertatzea eta biktima guztientzat egia eta justizia lortzea ere jarri zituen lehentasunen artean.

Elkarrekin Arabako batzarkide Arantza Abeciak, berriz, akordiorako prest egoteko eskatu zien EAJri eta PSEri. Horrekin batera, lurraldearen erronka nagusiei aurre egiteko «politika ausartak eta berritzaileak» martxan jartzea galdegin zien. Bestalde, PPko Iñaki Oiartzabalek azpimarratu zuen bere alderdiak erakutsi duela abertzaleen «alternatibarik sendoena» dela. PPk oposizio «eraikitzailea» egingo duela agindu zuen, eta elkarrizketarako eskua luzatu zien EAJri eta PSEri. Iragarri zuen saiatuko direla Ekarpen Legea aldatzen, dirua «behar bezala» bidera dadin lurraldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.