'Brexit'-aren atarian, Erresuma Batuko BPGa behera egiten hasi da

Enpresek biltegiak bete zituzten urteko lehen hilekoan, irteeraren lehen datarako prestatzeko, eta bigarrenean gutxiago zuten ekoizteko

Liberaren truke tasak, Londresko kale batean. ANDY RAIN / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Datuek zaplazteko bat eman diote Boris Johnsonek saldu nahi duen baikortasunari. Erresuma Batuko ekonomia %0,2 txikitu zen urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera, industriaren geldialdiaren eraginez. Lehen aldia da 2012az geroztik hiruhileko batean barne produktu gordinak behera egiten duela, eta brexit-ak ustez eragingo duen kalte ekonomikoaren atarian iritsi da. Lehen ministro kontserbadoreak agindu du Erresuma Batua akordio batekin edo akordiorik gabe aterako dela Europako Batasunetik urriaren 31n, eta oraintxe bertan azken egoerak dirudi gertagarriena, hain zuzen ere ekonomiarentzat kaltegarria izan daitekeena.

Datua uste baino okerragoa izan da, analista gehienek espero baitzuten BPGak aurreko mailari eutsiko ziola. Baina industriaren ekarpena oso negatiboa izan da (%1,4), eta zerbitzuen ekarpena txikia (+%0,1); ez da nahikoa izan zenbaki positiboei eusteko.

Nazioarteko ekonomiaren motelaldiak izan du eragina, baina datua batez ere brexit-ak baldintzatu du. Izan ere, lehen hiruhilekoan uste baino hazkunde handiagoa izan zen (+%0,5), enpresek biltegiak bete zituztelako martxoaren 29an gertatzekoa zen brexit-erako prestatzeko. Bigarren hiruhilekoan ez da biltegirik bete behar izan, eta, gainera, auto fabrika batzuk apirilera aurreratu zituzten oporrak, hilabete hori erabili nahi zutelako produkzio kateak baldintza berrietara moldatzeko. Ondorioz, %2,3 txikitu da manufaktura, eta %1,4 industria osoa.

Zerbitzuak izan dira ekonomiaren euskarri nagusia —Erresuma Batuko ekonomiaren %80 dira—, familien kontsumoak oraindik eusten diolako, langabezia tasa txikia eta azken hilabeteetan antzeman den soldaten igoera direla eta. Analisten beldurra da bultzada horrek gutxi iraun lezakeela, akordiorik gabeko brexit-ak sortzen duen ezinegonak kontsumo ohituretan ere izan baitezake eragina.

Sajid Javid Ekonomia ministroak espero du brexit-aren data finkatzeak kontrako eragina izatea: «Gobernuak ziurtasuna eman nahi die herritarrei eta enpresei, eta horregatik argi uzten dugu Erresuma Batuak urriaren 31n utziko duela EB».

Sindikatuek ez dute bat egiten iritzi horrekin. «Lehen ministroaren mehatxu toxikoak alarma handitu besterik ez du egiten. Kalte egiten dio ekonomiaren konfiantzari, eta arriskuan jartzen ditu enpleguak», ziurtatu du Frances O'Gready TUC sindikatuko idazkari nagusiak.

Libera, ahultzen

Libera esterlina da Johnsonen «bai ala bai». iragarpenaren beste biktima. Uztailaren hasieran argi geratu zenetik Theresa Mayrenak egin zuela eta haren ondoren Johnson iritsiko zela, Erresuma Batuko diruak %5 galdu du dolarrarekiko eta euroarekiko. Askok uste dute brexit-aren azken data gerturatu ahala balio galera sakonduko dela, eta libera parekidetasunera iritsiko dela, lehenik euroarekin —atzo, libera batek 1,07 euro balio zituen—, eta dolarrarekin ondoren —1,20—.

Johnsonek espero du libera ahulak esportazioak merkatu eta balizko muga zergak konpentsatuko dituela, baina inportazioak asko garestituko ditu, eta horrek min handia emango dio herritarren erosteko ahalmenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.