Atzera bota dute Josu Urrutikoetxea aske uzteko eskaera

Parisko Dei Auzitegiko estradizioen instrukzio ganberak ez du onartu prozedura baliogabe utzi eta euskal presoa baldintzapean aske uztea
EH Bilduko eta EH Baiko ordezkariak, Egoitz Urrutikoetxearekin, atzo, Parisen.
EH Bilduko eta EH Baiko ordezkariak, Egoitz Urrutikoetxearekin, atzo, Parisen. BERRIA

Ekhi Erremundegi Beloki - Berriemaile berezia

2019ko irailak 12
Josu Urrutikoetxeak preso segituko du. Parisko Dei Auzitegiko estradizioen instrukzio ganberak ez du onartu prozedura baliogabe utzi eta euskal presoa askatzea. Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce abokatuek prozeduran izandako akatsak azaleratu, eta Urrutikoetxearen osasun egoera larriaz ohartarazi zuten, eta jaso duen sostengu zabala goraipatu zuten. Audientziako abokatu nagusiak defentsaren argumentu guztiak errefusatu zituen, prozedura behar bezala eraman dela berretsita. Ekainean berriro presondegian sartu zuteneko egoera berean delakoan, Urrutikoetxea preso atxikitzeko eskatu zuen auzi saioan, eta hori deliberatu du auzitegiak.

Pasquet-Marinaccek prozeduran izan diren gorabeherak azaldu zituen. Haren arabera, ekainaren 19an ministerio publikoak ez zeukan euroagindu eskaeraren frantsesezko bertsiorik, eta itzulpena eskatu zion Espainiari. «Euroagindu eskaera batek eskaera egin duen agintearen gaineko gutxieneko kontrola eskatzen du. Nola egin zezakeen kontrol hori frantsesezko itzulpena eduki gabe?». Halaber, abokatuaren Dei Auzitegiak Urrutikoetxea libre uztea erabaki baino ordu batzuk lehenago, ministerio publikoak uztailaren 10erako deitu zituen Espainiak eskatutako euroagindu bat jakinarazteko. Haserre mintzatu zen defentsa abokatua: «Urrutikoetxea atxilotzeko eskatu zuten, Dei Auzitegiaren erabakia bertan behera uzteko; epaile independente batzuek hartutako erabakia bertan behera uzteko. Prozeduraren desbideratze masiboa eta karikaturazkoa da. Atxiloketaren eta ondorengo prozeduraren irregulartasuna eta baliogabetasuna konpontzeko eskatzen dizugu. Ezin duzu halakorik pasatzen utzi», erran zion epaileari. Urrutikoetxeari defendatzeko eskubidea ukatu zaiola ere salatu zuen.

Heinichek gogora ekarri zuen euskal presoaren egoera pertsonala, eta haren osasun egoera larria azpimarratu. «Zergatik ez du medikuen artarik jaso? Kontsideratzen delako ez dela hain larria pertsona preso delarik? Pertsona guztiek eskubide berak ditugu». Gogoratu zuen maiatzean, Frantziako Alpeetako herri batean atxilotu zutenean, urgentziazko ebakuntza bat egin behar ziotela, eta auzi medikuak baldintza gisa ezarri zuela ebakuntza egitea Urrutikoetxea presondegiratzeko; azkenean, irailaren 2an egin zioten. «Itxaronarazi dugu; sinetsarazi diogu, behin, bitan, ebakuntza eginen ziotela. Estualdian jarri eta umiliatu nahi izan bagenu, ez zen hobeki egiten ahal». Ebakuntza egin bitartean, zunda bat ezarri zioten presoari. «Erran izan bagenio bezala: 'Baliabideak baditugu, baina horrela utziko zaitugu, zure pixarekin esku artean'. Lau hilabete eman ditu sendatuko ote zuten galdezka. Ez da soilik apalgarria: ondorio fisikoak ere baditu», salatu du Heinichek, Urrutikoetxeak infekzio bat baino gehiago izan duela erranez. Ezinbestekotzat jo du beharrezko terapia ematea, eta horretarako argudiatu du presondengitik atera behar dela.

Urrutikoetxearen ihesaldia

Urrutikoetxeak jasotako sostenguak ere aipagai izan dira Parisko auzi saioan. Heinichen hitzetan, hori da ETA zeneko militante historikoak ihes ez egiteko bermerik onena. Urrutikoetxeak berak ere hala erran zuen saioan: «Hitzekoa naiz. Niretzat pentsaezina da sostengua erakutsi didatenei traizio egitea. Auzietara aurkeztera eta zuzenbide arauak errespetatzera engaiatzen naiz».

Ihes egiteko arriskuari sinesgarritasuna kentzen saiatu zen defentsako abokatua: «Funtsean, mito bat da. Hari buruz zabaltzen duten irudia eta juridikoki izan dituen zigorrak parekatzen ditugunean, galdetu dezakegu: hori baizik ez da?». Ihesi pasatutako urteez ere aritu zen: «Googlen haren izena jarri eta Espainiako prentsan agertutako haren argazkiak aurki ditzakegu, gordelekuan, umea besoetan. Denek zekiten non zegoen, baina Espainiarentzat praktikoagoa zen libre segitu zezan, bakearen alde jardun zezan». Suitzan eta Norvegian abiatutako elkarrizketa saiakerak ere aipatu zituen: «Hango autoritateek babestu zuten, jaten ematen zioten, arropak garbitu zizkioten... Hori da ihesaldi bat deitzen duzuena?».

Joan den ekainaren 19an bezala, abokatuak iragarri du libre utziz gero Louis Joinet Frantziako magistratu ezagunak etxean hartuko lukeela, eta eskumuturreko elektroniko bat eramateko prest dagoela. «Erabaki ausarta hartzeko eskatzen dizugu. Denek irabaziko dugu».

Abokatu nagusiak esku kolpe batez baztertu zituen defentsak aurkeztutako argudio guztiak, eta prozeduraren desbideratze oro ukatu zuen, dena «beti bezala» egin dela baieztatuta. Funtsean, joan den ekainean Urrutikoetxearen kontrako behin-behineko espetxealdia eskatu zuteneko «egoera berean» direla nabarmendu du. «Osasun egoera da, izatekotan, aldatu dena; baina ez dakit, ez naiz medikua».

EH Bildu-EH Bairen babesa

Senitarteko eta hurbilekoez gain, sustengu bat baino gehiago agertu zen Urrutikoetxeari babesa erakustera; horien artean, Jacques Gaillot apezpikua. Gaillot ezaguna da Euskal Herrian, urteak baitira euskal militanteei elkartasuna erakusten diela, eta joan den udaberrian Urrutikoetxea askatzeko eskatu zuten pertsona ezagunen artean da. Jasone Agirre (EH Bildu) eta Eneko Aldana (EH Bai) ere izan ziren, presoari «babes pertsonala eta politikoa» erakustera joanak; «presondegiak husteko garaia da, ez betetzekoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: