Ordiziako ikastolako matrikulazioa auzitara eramango dute sindikatuek

Jaurlaritza salatuko dute ELAk, Steilasek eta CCOOk, matrikulazio irizpideak urratu dituelakoan
CCOO, Steilas eta ELAko ordezkariak, atzo, salaketaren berri emateko agerraldian.
CCOO, Steilas eta ELAko ordezkariak, atzo, salaketaren berri emateko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2019ko irailak 20
Mamitu, mahai gainean jarri eta ozendu egin da eskola segregazioaren inguruko kezka azken urteotan. Beste jauzi bat egitekoa da orain eztabaida: auzitara joko dute ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. Eusko Jaurlaritzaren aurkako salaketa aurkeztuko dute, Hezkuntza Sailak berak ikasleen onarpenari buruz onartutako dekretua urratu duelakoan. Adibide gisa jarriko dute Ordiziako (Gipuzkoa) kasua: Jakintza ikastolan 2018-2019ko ikasturtean posturik gabe geratutako 11 ikasle bertan matrikulatu zituzten. «Irregulartasun larria» izan zela adierazi zuten Nagore Iturriozek (Steilas), Aitor Garciak (ELA) eta Yolanda Etxezarretak (CCOO) atzo, Donostian eginiko agerraldian.

2018aren hasieran onetsi zuen Jaurlaritzak ikasleen onarpenari buruzko dekretua. Bertan ezarritako irizpideen arabera eginiko plangintzan, aurreko ikasturtean 3 urteko bi gela eta 50 ikaslerentzako tokia jarri zituzten Ordiziako ikastolan. Han ikasi nahi zuten 11 haur, ordea, lekurik gabe geratu ziren, eta familiek hobetsitako bigarren zentroan matrikulatu zituzten hasieran: Lazkaoko ikastolan. Sindikatuen salaketaren arabera, ordea, Hezkuntza Sailak matrikulazioa «aldatu» zuen gero, eta Ordizian jarri zituen 11 ikasle horiek, «planifikatu gabe zegoen gela batean». Ikasturte honetan hirugarren gela horretarako finantzaketa eskatu du ikastolak, eta Jaurlaritzak onartu egin dio eskaera, behin-behinean.

«Desorekak areagotzen dituzten neurriak bultzatzea» eta «isilpeko pribatizazioa» sustatzea egotzi diote sindikatuek Cristina Uriarteren sailari, eta hori «irregulartasun larrien» bidez egitea. Izan ere, matrikulazio aldaketa hori okerra zela adierazia zioten gobernuari: «Gipuzkoako lurralde ordezkaritzako bi teknikarik aldaketaren aurka egindako lau txostenak ez zituzten kontuan hartu».

ELAk, Steilasek eta CCOOk gogora ekarri dute hezkuntza publikoa «ezinbesteko tresna» dela desorekak konpontzeko. Sindikatuek emandako datuen arabera, ordea, etorkinen seme-alaben %87k eskola publikoan ikasten dute. «Aniztasuna modu desorekatuan dago banatuta EAEko ikastetxeetan». Horren adibide dira, gainera, Ordiziako zifrak: sare publikoko ikasleen %37ren familiak atzerrikoak dira jatorriz.

Ikastolak baimena zuen

Salaketaz galdetuta, Jaurlaritzak ez du adierazpenik egin nahi izan. Jakintza ikastolak, berriz, apirilean emandako azalpenak berretsi ditu: ikastolak baimena zeukan 3 urteko umeen hiru ikasgela zabaltzeko eta 75 haur jasotzeko, nahiz eta hirugarren gela itunetik kanpo egon. «Gela horren finantzaketa gurasoen eta langileen esku geratu zen», esplikatu zuten —ikasturte honetarako eskatu diote Jaurlaritzari finantzaketa—.

Horren harira, sindikatuek zehaztu dute planifikazioan jasotakoak duela pisua, hau da, ikastolari bi gela eman izanak, eta gerora planifikazio horren aurka egitea —ikasleak Jakintzara bideratuz— dekretua urratzea dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna