Bizkaian sei lagun atxilotu dituzte emakumeen sexu esplotazioa leporatuta

Poliziak hiru emakume «askatu» ditu, baina sareak 11 atzeman zituen gutxienez. Bi lokal itxi dituzte, haietako bat Trapagaranen

Sexu esplotazioaren aurkako kanpaina baten irudia. EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak 23 lagun atxilotu ditu emakumeen salerosketan jarduten zen sare bateko kide izatea leporatuta. Bizkaian atxilotu dituzte haietako sei, eta gainontzekoak, Espainian: Kantabrian hamabi, Burgosen hiru, Palentzian bat eta Valladoliden bat. Poliziak adierazi du sareak sexualki esplotatzen zituela Hego Amerikan atzemandako zenbait emakume, Trapagarango lokal batean (Bizkaia) eta Barcena de Ciceroko beste batean(Kantabria). Hala, sarea desegintzat jo dute. Atxilotuetako sei behin-behinean espetxeratu dituzte.

Operazioan hiru emakume «askatu» ditu Poliziak. Halere, adierazi du gutxienez 11 emakume atzeman zituela sareak, eta baliteke gehiagoren berri izatea, operazioa ez baita itxi.

Emakumeak prostituitzera behartzen zituzten, 6.000 euroraino irits zitekeen «zorra» ordaindu arte. Poliziaren arabera, batez beste egunean hiru aldiz izan behar zituzten sexu harremanak, hamabi orduko jardunaldietan. Zorraz gain, eguneko 55 euroko alokairua ordaindu behar zuten, ohearen eta argiaren truke. Gainera, emakumeek sareko buruen sexu abusuak jasan zituztela azaldu du Poliziak.

Hego Amerikan atzematen zituzten emakumeak, batez ere Venezuelan, Paraguain eta Dominikar Errepublikan. Sareak bitartekariak erabiltzen zituen horretarako: egoera ekonomiko eta familiar zaurgarrian zeuden emakumeak erakartzen zituzten.

Sexu esplotazioaz gain, beste hainbat delitu ere ikertzen ari dira, dokumentuak faltsutzea eta dirua zuritzea, besteak beste.Horretarako sareak finantza sistema konplexuak erabiltzen zituen .

Sei miaketa egin dituzte, eta 1.000 eurotik gora, droga kantitate txikiak, arma zuriak, beisboleko bate bat eta 38 kalibreko kartutxoak bereganatu ditu Poliziak; horrez gain, banku dokumentazio ugari eta gailu elektronikoak.

Urtebeteko ikerketa

Poliziak iazko uztailean hasi zuen ikerketa, saretik ihes egitea lortu zuen emakume batek jarritako salaketari esker. Sarea bi erakunde independentez osatua zegoela azaldu du. Euren artean kolaboratzen zuten, besteak beste emakumeak elkarri bidaliz. Halere, bi erakundeen arteko harremana gaiztotu egin zela adierazi du, elkarren artean liskarrak sortzeraino. Kantabrian, elkarren aurkako borroka batean, bi taldeetako kideak larri zauritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.