Sexu erasoetan laguntza eskatzeko aplikazio bat abiatu du Bilboko Udalak

Hiru aukera eskaintzen ditu programak: eraso bat sufritzen ari denak laguntza eskatzea, lekuko batek ohartaraztea, eta etxera lagundua izatea

Nazioartean, leku gehiagotan darabiltzate halako app-ak; adibidez, Argentinan. MARINA GUILLÉN / EFE.
Samara Velte.
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Atzoz geroztik abian da EraStop, emakumeen aurkako erasoak salatzeko sakelako aplikazioa. Bilboko Udalak sustatuta, MRSystem enpresak garatu du, eta hiriko hainbat elkarte feministak hartu dute parte haren diseinuan. Kalean gerta litezkeen erasoen berri emateko tresna bat eskaintzea da aplikazioaren helburua, telefonoz inora deitu behar izan gabe. Hiru aukera nagusi eskaintzen ditu. Alde batetik, larrialdietarako botoi bat, emakume batek eraso bat sufritzen duenean saka dezakeena; telefonoak automatikoki jakinaraziko dio Udaltzaingoari non dagoen emakumea. Bestetik, eraso bat ikusten duen edonork ere eman dezake haren berri. Eta, azkenik, Etorri nirekin aukera dakar programak: haren bidez, aldez aurretik zehaztutako kontaktu batek mapa batean ikusi ahal izango du telefonoaren jabea non dabilen; bidetik aldentzen bada edo gelditzen dela sumatzen badu, Poliziari dei diezaioke hartara. Udalak datozen asteotan probatu nahi du aplikazioa, eta Aste Nagusiaren ostean egingo du lehenbiziko balorazioa.

Atxilotu bat Getxon

Hain zuzen ere, Getxoko (Bizkaia) udaltzainek gizonezko bat atxilotu zuten astearte arratsaldean, bikotekideari eraso egiteagatik, hura denda batean lanean ari zela. Getxoko Udaleko Berdintasun Sailak prentsa ohar bat argitaratu du erasoa gaitzesteko: Keltse Eiguren zinegotziak Gizarte Zerbitzuetara laguntza bila jotzeko aholkatu die «tratu txar psikiko zein fisikoa» sufritu duten emakume guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.