Donostian okupatutako etxe bateko hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak

Poliziak epailearen baimenik gabe sartu dira. Ustez kalean bizi da han egoten den taldea. Bizilagunen kexak argudiatu ditu udalak

Ertzainak Donostiako Moraza kalean, atzo. IRUTXULOKO HITZA.
Erredakzioa
Donostia
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako Moraza kaleko lehen zenbakiko etxebizitza batean sartu zen atzo Ertzaintza. Ustez kalean bizi diren gazte batzuk egoten dira han. Eraikina miatu zuten, eta bi orduren buruan itzuli ahal izan ziren barrura. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hiru pertsona atxilotu dituzte; horietako bat adingabea da.

Gazteek salatu dutenez, Ertzaintzak ez zien epailearen agindurik erakutsi. Segurtasun Sailaren arabera, poliziak ez ziren eraikina hustera joan, bizilagun baten kexarengatik baizik. Horren arabera, etxea itxita zegoen, gazteek ateko markoa apurtu zuten, eta barrura sartu ziren, 09:30 aldera.

Bizilagun batek deitu zuen. Segurtasun Sailaren arabera, han zeuden gazteak ertzainei oldartu zitzaizkien, eta etxeko objektu batzuk leihotik bota zituzten eta beste batzuk erretzen saiatu ziren; sei ertzain zauritu ziren, eta bi gazte ospitalera eraman zituzten.

Bi ordu inguru egon ziren poliziak etxean, eta, atera zirenean, han zeudenek salatu zuten zenbait gela hankaz gora utzi zituztela. Ertzainak joan zirenean, gazteak eraikinean sartu ziren berriz.

Donostiako Udalak berretsi du etxea husteko agindurik ez dagoela, baina azaldu du aurreko ostiralean han izan zirela udaltzainak osasun egoerari buruzko txosten bat egiten, epaile batek aginduta. Iragarri du bizilagunekin bilduko dela datozen egunetan.

SOS Arrazakeriaren arabera, «aitzakiak» dira Segurtasun Sailaren eta udalaren azalpenak. «Gizarte arazo bat kriminalizatu nahi dute» salatu du.

2016ko abenduan ere okupatu zuten etxea. Egun gutxira, salatu zuten udaltzainak epailearen agindurik gabe sartu zirela, eta era bortitzean atera zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.