Olano, hirugarrenez

EAJko kidea hautatu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi, 2007an eta 2015ean bezala. Guztien geroa bermatzeko oinarri sendoak nahi ditu

Markel Olano, atzo, Donostian, Gipuzkoako ahaldun nagusi hautatua izan ondoren. JUAN CARLOS TUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hirugarrenez hautatu dute Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako diputatu nagusi. 2007an izan zen lehen aldia, duela lau urte bigarrena, eta atzo hirugarrena. 2015ean bezala, gehiengo osoz aukeratu dute, EAJren eta PSEren 29 botoekin —hogei batzarkide ditu EAJk, bederatzi PSEk—. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko kideak ere hautagaitza aurkeztu du, eta bere taldearen hamazazpi boto jaso ditu.Elkarrekin Podemoseko lau batzarkideek eta PPko bakarrakboto zuria eman dute.

Batzar Nagusietan izan da inbestidura saioa, Donostian, eta Olanok (Beasain, Gipuzkoa, 1965) bere hitzaldian esan du «oraingo ongizatea ez ezik elkarlanean gipuzkoar guztien etorkizuna bermatzeko oinarri sendoak ere» eraiki nahi dituela. «Kalitatezko enplegua eta etorkizuneko ekonomia lehiakorra» sustatzeko lan egingo du, «zeregin nagusi» modura hartuta, eta aurreikusi du aldundiaren jardunaren bitartez 10.000 lanpostu sortzea datozen lau urteetan. Ekonomiaren lehiakortasuna bultzatzeko alorrean kokatu du, halaber, «politika fiskal justu, bidezko eta progresibo» baten aldeko apustua, baita bide azpiegitura eta garraioetan egin beharreko inbertsioak ere. «Errepide sarearen modernizazio adimenduna landuko dugu, eta garraio azpiegiturak indartuko ditugu»; hala, aintzakotzat hartu ditu Hondarribiko aireportua, Pasaiako portua, AHTa eta Topoa.

Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin, urtero hogei milioi euro jarriko ditu EAJ-PSEren foru gobernuak. «Gizarte-babes sistema justua» indartzeko xedez, besteak beste adinekoen arretarako lau egoitza eta 500 plaza berri sortzeko konpromisoa hartu du. «Gizarte kohesionatua» nahi du Olanok, eta azaldu du «gizon-emakumeen desberdintasuna gutxitzeko buru-belarri» ariko dela lanean. Era berean, «politika egiteko era berriak» indartzeko asmoa du, «elkarlana sustatuta».

Indarkeria politikoari buruz, gertatutakoa errepikatu ez dadin «egiazko kultura demokratikoan» sakontzera dei egin du, eta «autokritika» eta «memoria» aldarrikatu ditu. «Euskadik duen gatazka politikoa gainditzearen» eta «irizpide demokratikoei» jarraitzearen alde egin du; Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea aipatu du, «erabakitzeko eskubidea erakundetzea helburu duena».

«Alternatiba indartsua»

Izagirre EH Bilduko kideak «bi arrazoirengatik» aurkeztu du Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaitza, bere hitzaldian esan duenez. «Batetik, botoa eman ziguten ia 117.000 gipuzkoarrekiko begirunez. Bestetik, orain arteko gobernu ereduari eta politikei erantzuteko alternatiba sinesgarri eta indartsua dugulako». Haren iritziz, EH Bilduk «gipuzkoarren gehiengoaren bizimodua hobetzeko gobernu programa» du. «Gipuzkoan, esaten denetik egiten denerako aldea handia da. Guk, esandakoa egin eta egindakoa esaten dugu. Horretan sakontzea dugu jomuga datozen lau urteetan». Gizarte «justuagoa» aldarrikatu du Izagirrek.

Maria Valiente EPko eledunak Olanori egotzi dio «multinazional bateko zuzendari nagusia» ematen duela. Juan Carlos PPko batzarkidearen ustez, «erosotasunean» jauzita dago EAJ. Denis Itxasok (PSE-EE) desberdinen arteko bizikidetza aldarrikatu du.

1979-1983 aldian Xabier Aizarna (EAJ) izan zen ahaldun nagusi; 1983-1985ean, Jose Antonio Ardanza (EAJ); 1985-1991n, Imanol Murua (1985ean EAJrekin, geroztik EArekin); 1991-1995ean, Eli Galdos (EAJ); 1995-2003an, Roman Sudupe (EAJ); 2003-2007an, Joxe Joan Gonzalez Txabarri (EAJ); eta, geroztik, Olano egon ez den kasuetan, 2011-2015ean, Martin Garitano (Bildu).

Herenegun, Bizkaiko diputatu nagusia aukeratu zuten: Unai Rementeria EAJko kidea, bigarrenez, bere alderdiaren eta PSE-EEren botoekin. Arabakoa datorren ostegunean hautatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.