Beasaingo bortxaketagatik atxilotua eraso gehiagorekin lotzen ari dira

Ertzainak ikertzen ari dira lehengo asteko erasoa ez ezik aurretik beste bost ere egin ote dituen

Erasoa gaitzesteko elkarretaratze bat egin zuten joan den igandean Beasainen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
arantxa iraola
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Lehengo asteko larunbatean Beasainen (Gipuzkoa) andre bat bortxatu zuen gizona aurkitzeko ikerketan aurrera egitea lortu dute ertzainek, eta atzo jakin zen gizon bat atxilotu zutela eraso hori egitea egotzita; areago, ikerketari atxikita, gizonezko hori ikertzen ari dira aurrez Gipuzkoan egindako beste bost erasoren egilea ere izan daitekeelakoan. 2012tik hona eginiko erasoak dira guztiak, oraindik argitu gabeak.

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du azken eraso honetan bortxatzailearen irudia grabatuta geratu zela kamera batean, eta irudi horiek erabilgarriak izan direla ikerketarako. Aditzera eman dutenez, aurreko hainbat kasutan ere susmagarritzat joa zuten gizon hori, eta horrek eraman zituen haren gaineko ikerketa zorroztera. Haren DNA lagin bat lortzeko ahaleginak egin zituzten, eta, azaldu dutenez, hor aurkitu dituzte atxilotua ikertzen ari diren bortxaketa kasuekin lotzeko zantzuak. Bihar deklaratuko du epailearen aurrean.

«Lasaitua eta segurtasuna»: biak sentitu dituzte Beasaingo Udalean atxiloketaren berri jakin ostean. Ertzainek eta udaltzainek kasua argitze aldera «etenik gabeko jarduna» eduki dutela nabarmendu dute ohar batean, eta aintzakotzat hartu behar dela haien ahalegina. Udalak nabarmendu zuen erasoaren berri izan eta berehala ere halakoen arbuioa besterik ezin dela erakutsi, eta elkarretaratze batera deitu zituen herritarrak. Atxiloketaren berri izan ostean, PSE-EEko udaleko eledun Eva Alvarezek hitza hartu nahi izan zuen atzo: erasoaren harira herrian zabaldutako kezka giroaz ohartarazi zuen, eta atxiloketak «poza» ekarri duela nabarmendu.

Elkarretaratzea Barakaldon

Kalera atera ziren atzo Barakaldon ere (Bizkaia), sexu erasoen aurka egiteko. Hiru salaketa egon dira egunotan; gizonezko bat atxilotu dute horien egilea izatea egotzita, eta halakoek sorrarazten duten arbuioa erakutsi zuten herritarrek kaleko presentziarekin. «Ezin ditugu gure askatasunaren kontrako erasoak onartu», deitoratu zuen Amaia Del Campo alkateak elkarretaratzearekin bat egingo zutela jakinaraztean: «Argi utziko dugu andre batek eraso bat pairatzen duen aldiro kalera aterata». Barakaldoko erasoen egilea delakoan atxilotutako gizona ostiralean atxilotu zuten, eta atzo libre utzi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.