Mendaroko ospitaleko segurtasunaz kezkatuta agertu dira langileak

60 egun daramatzate greban mantentze lanetakoek, eta kalteak sortzen hasi dira. «Beste aldera begiratzea» egotzi diote zuzendaritzari

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Mendaroko ospitalean (Gipuzkoa) kalitatezko zerbitzua nekez berma dezaketela ohartarazi dute mantentze lanetako beharginek. Horren adibide gisa jarri dute herenegun gertatutakoa: ospitaleko larrialdietako gunean dauden hodietako bat apurtu zen, eta larrialdi zerbitzuetako gunea eta erradiologiakoa urez bete ziren.

Langileek azaldu dutenez, hodi horiek sarritan matxuratu dira azkenaldian, eta Osakidetza jakinaren gainean dago. Oraingoan, hiru ordu behar izan zituzten konpontzeko. Ura 60 graduko tenperaturan zegoen, eta horrek ere langileen lana zaildu eta luzatu zuen, ondorioz kalte material handiak sortuz. «Beste aldera begiratzea» egotzi diote zuzendaritzari.

Ezbeharra saihestu egin zitekeela uste du Aner Agirrek, matxura konpontzera joan ziren langileetako batek: «Zaintzan gauden denboran ordu erdiko tartea dugu bertaratzeko, eta zerbitzu horrengatik 11 euro jasotzen ditugu». Horren ordez gaueko lanaldi osoa sortu beharko luketela uste dute beharginek, une oro ospitalean egon daitezen. Hori da, hain zuzen, greban daudenen eskakizunetako bat. Izan ere, uztail hasieran abiatu zuten greba mugagabea mantentze lanetako beharginek, pairatzen dituzten «lan baldintza prekarioak» salatzeko asmoz.

Tecman azpikontrataren eskuetara igaro ziren maiatzean, eta, aurretik zituzten lan baldintzak berreskuratzeaz gain, bi eskari egiten dituzte: KPIari loturiko soldata igoera eta guardien soldata Osakidetzako gainerako langileenarekin parekatzea. Horren aurrean, baina, Osakidetzaren eta enpresaren borondate falta salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.