Unibertsoa aztergai

Astrofisikan adituak diren hiru zientzialarik irabazi dute Fisikako Nobel saria. Kosmosa ikertu dute, eta Lurrak unibertsoan duen egitekoa

SALVATORE DI NOLFI/PRINCETON UNIVERSITY HANDOU / BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Estreinakoaren irudi parekoa utzi du Nobel sarien bigarren saioak: Medikuntzakoan bezala, hiru gizonezko zientzialariri emango diete Fisikako Nobela, atzo iragarri zutenez. James Peebles kanadarra, eta Michel Mayor eta Didier Queloz suitzarrak saritu ditu Zientzien Suediako Errege Akademiak, fisikaren alorrean egindakolan esanguratsuagatik. Unibertsoaren eboluzioa eta Lurrak kosmosaren parte gisa duen egitekoa zehazten ahalegindu dira saria jasoko duten hiru ikerlariak.

Peebles aditua da kosmologia fisikoan da, eta hainbat ekarpen teoriko landu ditu; suitzarrek, berriz, ekarpen praktikoa egin dute. Akademiaren aburuz, Peeblesen ikerketekbalioa eman diete kosmologiaren inguruko oinarriei. «Kosmologia espekulazio hutsa zen lehen, eta zientzia da orain». Areago, gaur egun unibertsoaren sorrera eta bilakaera ulertzeko eran aitzindari izan zen Peebles; «unibertsoaren ulerkera modernoaren» oinarriak ezarri zituen, akademiaren esanetan.

Mayorrek eta Quelozek ere aitzindaritza lan mardula egin dute, aurkikuntza praktikoen alorrean. Bada, Esne Bidearen mugetatik harago unibertsoa ikertzen jardun dira, eta 1995. urtean aurrenekoak izan ziren eguzki sistematik kanpo zegoen planeta bat topatzen. Astronomia «hankaz gora» jarri zuen gertakari horrek, eta, harrezkeroztik, 4.000 planetatik gora topatu dituzte Esne Bidetik kanpo.

Sexu desoreka

Nobel sarien banaketan bigarren lekua izan du Fisikakoak, eta, genero ikuspegitik, berritasunik ez da izan. Astelehenean William G. Kaelin eta Gregg L. Semenza estatubatuarrek eta Peter J. Ratcliff britainiarrak lortu zuten Medikuntzako Nobel saria, medikuntza molekularraren alorrean egindako lana dela medio. Atzo ere hiru gizonezkok jaso zuten saria, eta, horrela, bere hartan segitu du lehengo joerak.

Dena den, iaz, Fisikako Nobel sarian izan zen ezustea, eta, 55 urtean lehen aldiz, emakumezko batek irabazi zuen, Donna Strickland zientzialari kanadarrak, Arthur Ashkin estatubatuarrarekin eta Gerard Mourou frantziarrarekin batera, laser izpien aplikazio praktikoen alorrean garatutako teknika eta erremintengatik. Bada, Fisikako Nobel saria 1901. urtean eman zuten lehenengo aldiz, eta, 117 urteotan, hiru salbuespen besterik ez dira izan: Marie Curie (1903), Maria Goeppert-Mayer (1963) eta Donna Strickland (2018).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.