Sarek eskatu du larriki eri diren presoen osasuna ere «lehenets» dezatela

Hamazazpi euskal presok dituzte gaixotasun larriak. Osasunaren Nazioarteko Egunean, Etxerat-ek galdegin du «berehala» aska ditzaten

Eri diren presoen egoera salatzeko protesta, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Sarek elkarretaratzera deitu zuen atzo Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, larriki eri diren euskal presoen egoera bistaratu eta salatzeko. Iruñean eguerdian egin zuten protesta, ospitaleko biribilgunean, eta ilunabarrean bertze hainbat herritan atera ziren karrikara. Sarek eguerdian egindako adierazpenetan erakundeei galdegin zien euskal presoen osasuna ere «lehenetsi» dezatela. Harago jo zuen Etxerat-ek: larriki eri diren hamazazpi euskal presoak «berehala» aske uzteko eskatu zuen.

Sareren arabera, bi arazo nagusi dituzte larriki eri diren euskal presoek. Batetik, ezartzen zaien «salbuespenezko» espetxe politikak osasunean eragiten die, euskal presoen eskubideen aldeko taldearen hitzetan: «Bakardadeak, zigorraren luzapenak eta urruntze politikak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea eta harremanak garatzeko arazoak sortzen dituzte». Eri diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu espetxe politika horrek, Sareren arabera; gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak «eragin zuzena» baitu. Bertzalde, kartzeletan osasun arta falta dela gogoratu du, eta preso guztiek pairatzen dutela arazo hori: «Espetxeak, instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute». Egoera are gehiago okertu da koronabirusarekin, Sareren ustez.

Mugimenduak gogoratu du osasuna «pertsona guztiei dagokien eskubidea» dela, «baita preso diren pertsonei» ere: «Ezin dugu onartu segurtasun politiken aitzakian presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.