ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

COVID-19a eta emakumeak: diskriminazio iraunkorra

2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19aren krisia lehertu zen lehen unetik, sexu- eta genero-diskriminazioak gerta ez zitezen neurriak hartu behar zirela ohartarazi zuten, hasi herrietako mugimendu feministetatik eta Osasunaren Mundu Erakunderaino.

Aurreko krisietan ere, izan sanitarioak zein beste edozein jatorritakoak, argi ikusi da emakumeak baztertzeak gizarte osoari dakarkiola kaltea. Aitzitik, genero-ikuspegia beharrezkoa izan da krisietatik ateratzeko, edo, behintzat, haien ondorioak leuntzeko.

Alabaina, ohartarazpenei (eta, kasu batzuetan, baita legeei ere) ez entzuna egin, eta COVID-19an ere nabarmena izan da emakumeen aurkako diskriminazioa. Adibidez, lehen olatuan, azterketa serologikoek erakutsi zuten infekzioak ohikoagoak izan zirela adin ertaineko emakumeen artean, beste gizarte-taldetan baino. Urtebete geroago, diskriminazioak iraun egiten du, esaterako, txertaketan eta COVID iraunkorrean.

Txertaketan, COVID-19a agertu baino lehen ere, ikusi izan da ingurune sozioekonomiko apaletako emakumeek zailtasunak dituztela osasun-kanpainetan parte hartzeko, hainbat arrazoirengatik: informaziorik eza, autonomia eskasa, lana, zaintza-ardurak, mugitzeko zailtasunak…

Bada, osasunean berdintasuna sustatzeko Global Health 50/50 erakundearen arabera, maiatzean 180 herrialdek dagoeneko martxan zuten txertaketa-kanpaina, eta haietatik 34tan baino ez dira jasotzen txertatutakoen datuak, sexuaren arabera bereizita.

Gabezia hori ez da herrialde jakinetara mugatzen, gainera. Herrialde ekonomikoki aberatsetan datuak bereizita biltzeko joera handiagoa dagoen arren, oraindik asko dago hobetzeko. Esaterako, COVID-19ak eragindako heriotzei dagokienez, haietako % 54k baino ez zituen datuak bereizita jaso; herrialde pobretuen artean, are gutxiagok: % 34k.

COVID iraunkorrari buruzko datuak ez dira sexua bereizita jasotzen, oro har. Baina, jaso dituzten lekuetan, nabarmena da epe luzeko sintomak izaten dituztenen gehiengoa (% 60-80 artean) emakumeak direla; emakumeak, eta adin ertainekoak.

Berez, harritzekoa ere ez da, beste infekzio batzuen osteko sindromeak ere ohikoagoak baitira emakumetan, gizonetan baino; adibidez, entzefalomielitis mialgikoa edo neke kronikoa. Sindrome horien jatorrian, kasu askotan, infekzio bat egoten da, eta litekeena da COVID iraunkorrean ere antzeko mekanismoak egotea oinarrian.

Sarritan, ordea, gaitz horiek dituzten emakumeak ez dira aintzat hartu, eta beren ondoezen atzean arrazoi psikikoak egotea egotzi izan zaie; hala nola hipokondria eta depresioa. COVID iraunkorrean ere horren arriskua dagoela salatu dute adituek, eta ikerketa gehiago behar direla aldarrikatu dute, sindromea bera hobeto ezagutzeko, eta sexuak nola eragiten duen jakiteko.

Izatez, jakina da immunitatearekin lotutako gene asko X kromosoman daudela. Hortaz, kromosomikoki XX diren pertsonek indar handiagoz erantzuten dute patogenoen aurka. Gaixotasun autoimmuneak ere ohikoagoak dira haietan. Baina diferentzia horri ez zaio behar adina arreta jartzen, eta oraindik alderdi asko geratzen dira argitzeko.

Horrenbestez, sexua eta generoa aintzat hartuta ikertzea baliagarria izango litzateke, ez bakarrik COVID iraunkorra hobeto ezagutzeko eta hari aurre egiteko tratamenduak garatzeko, baizik eta beste gaixotasun batzuen prozesuak hobeto ulertzeko. Eta diskriminazio iraunkorrarekin amaitzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.