Guardia zibilen kontraerranak azaleratu ditu 13/13 auziko defentsak

Akusazioaren eta defentsaren perituek deklaratu dute. Angela Murillo epaileak iragarri du balitekeela epaiketa azaro hasierara arte luzatzea

Auzipetuak eta haien abokatuak, joan den uztailean, Madrilen. MARTA JARA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Datak, txostenak, artxiboak eta izenak. Horiek izan zituzten hizpide atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean jarraitu zuen 13/13 auziko epaiketan. Guardia zibilek hitz egin zuten berriro, Alfontso Zenon eta Aiert Larrarte abokatuen galderei erantzunez, eta ondotik defentsak eskaturiko bi peritu informatikok hartu zuten hitza. Zenonek eta Larrartek guardia zibilei galdegin zieten ea nola lotzen dituzten Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi auzipetuen izenak ezizen batzuekin, eta polizien askotariko kontraerran eta zehaztasun faltak azaleratu zituzten abokatuek.

Guardia zibiletako batek erran zuen, adibidez, Zulueta ezizen batekin lotzen dutela, zeina deitua baitzegoen Parisen 2010eko urtarrilaren 15ean eginen zen bilera batera joateko. Zuluetak Miarritzetik (Lapurdi) Parisera joateko hegazkin txartel bat hartu zuen egun batzuk lehenagorako, baina guardia zibilak onartu zuen ez dutela Zulueta bilera horretara joan zelako frogarik: «Uste dugu zita horretara joateko zela hegazkin txartela, baina zita horretan egon zenik ezin dugu esan, ezta egin zenik ere».

Martxel eta Bixer ezizenekin lotzen dute Zulueta, baina, abokatuek behin eta berriro galdetuta ere, guardia zibilek ez zuten zehaztu ahal izan nola egiten duten ezizenen eta izenaren arteko lotura: «Haren profilarekin bat egiten du», erran zuen kasu batean guardia zibiletako batek.

Enparantza abokatuaren Hernaniko (Gipuzkoa) bulegoko esku idorgailu batean zegoen zulo batez mintzatu ziren guardia zibilak, halaber. Haien hitzetan, han atzeman zituzten ustez abokatuek euskal presoekin komunikatzeko erabiltzen zituzten mezuak. Zenonek guardia zibilei galdetu zien ea nola zekiten Enparantzak zulo horren berri zuela: «Ezin dugu esan edukia ezagutzen zuenik. Baina bazekien, noski, hor zegoela: esku lehorgailuak ez zuen funtzionatzen».

Enparantzaren etxean atzemandako Zutabe aldizkariez ere galdetu zien Zenonek: ea nola dakiten harenak zirela. Erantzuna: «Atzemandako beste gauzekin testuinguruan jarrita, bazitekeen pertsona horrek argitalpen horiek erabiltzea».

Informatikan adituak diren defentsaren perituek deklaratu zuten ondotik, eta informazioa falta zutela nabarmendu zuten. Zehazki, frogetako bat: «Ez dugu eskuratu, eta ez dugu atzeman ebidentzien artxiboan». Jone Goirizelaia abokatuaren galderei erantzunez adierazi zuten, beraz, ezin dutela baieztatu informazio hori «existitzen» denik.

Auzi saioak, gibelatuta

Aurreikusia zegoen heldu den astean bukatzea 13/13 auziko epaiketa, baina Angela Murillo epaileak luzatu egin du: urriaren 15ean eta 29an eta azaroaren 3an eta 4an segi dezake. Argitzeko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.