Albistea entzun

Feministak sanferminetako sexu erasoen aurkako mahaitik altxatu dira

Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak salatu du Maia alkateak «edukiz hustu» duela sexu indarkeriaren aurkako kanpaina
IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko maiatzak 19 - Iruñea

Hautsi da lokarria. Azken urteetan, elkarlan joria landua zuten Iruñeko Udalak eta hiriburuko mugimendu feministak, sanferminetan eta auzoetako festetan gertatzen diren sexu erasoen aurkako estrategian. Navarra Suma alkatetzan denetik, ordea, harreman horrek okerrera egin du, krak egin duen arte: atzo, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak jakinarazi zuten ez dutela parte hartuko udalak indarkeria matxistaren aurka antolatutako lantalde iraunkorrean.

Sanferminetako udal kanpainaren kontura hartu dute erabakia. Izan ere, Enrique Maia alkateak sexu erasoen aurkako estrategia «urardotu eta edukiz hustu» duela uste dute Iruñeko feministek. Are: salatu dute erabakiak «alde bakarrez eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe» hartu dituztela.

Horren ondorioz, sexu erasoen aurkako kanpaina «adostasunik gabe» onartu du alkateak, plataformaren esanetan: «Beren burua zuritzeko kanpaina bat proposatu dute, sanferminekin inongo loturarik ez duen lelo batekin», azaldu du plataformako kide Iratxe Alvarezek. Haren esanetan, sanferminetako sexu erasoen aurkako estrategia osoa urardotu nahi izan du Maiak: «Gobernu honek badaki ezin duela ezabatu kanpaina osoa errotik, baina ahaleginak eta bi egin ditu indargabetzeko, edukiz husteko eta orain arte elkarrekin egin ditugun aurrera urrats guztiak desegiteko».

Arazoa ez da berria. Talde feministek hainbat desadostasun izan dituzte Iruñeko udal gobernuarekin azken hilabeteetan, baina sanferminetako kanpaina izan da sua piztu duen txinparta. Azken hilabeteetan gertatutakoaren laburpena egin du Alvarezek: «Martxoan, udalak jakinarazi zigun kanpaina bakar bat eginen zutela jaietarako, mezu bakar batekin, eta hori ,Berdintasun Sailak ez, Komunikazio Sailak proposatuko zuela. Guretzat, ulertezina da hori, baina kanpainari buruzko galderak egin genituenean eta azalpenak eskatzean, udalaren erantzuna bat eta bakarra zen: 'Ez dago ezer erabakita'. Apirilean, berririk ez zegoela ikusita, erabaki genuen informazioa instantzia bidez eskatzea: aurrekontua, euskarriak, herritarren eskura jarriko diren baliabideak, komunikazioaren kudeaketa, mugimendu feministarekin izan beharreko harremana...».

Azkenik, talde feministek maiatzaren 12an izan zuten kanpainaren berri, udalaren ahotik. «Orain arteko kanpainetako esku gorri ikonikoa bigarren mailan utzia zuten, ohiko leloa ere desagertu zen, eta sanferminekin loturarik ez duen beste bat proposatu zuten: Aske, ni beti aske. Horrez gain, esan ziguten ez zituztela ohiko euskarriak erabiliko: iragarkirik ez garraio publikoan, ez bideorik, ez irrati-telebistarako piezarik, ezta agertokietan jarri beharreko afixarik ere».

Udal baimena, protestarako

Are larriagotzat jo dute, hala ere, sexu erasoen aurkako protokoloa aldatu izana. «Udalak bere kabuz aldatu du udal talde guztien oniritziarekin onartua izan zen protokoloa. Horren arabera, sanferminetan sexu erasoren bat gertatuz gero, mugimendu feministari dagokio mobilizatzea eta protesta ekintzak antolatzea, eta udalak bat egiten du deialdi horiekin. Bada, orain, Navarra Sumaren udal gobernuak nahi duena da ahalmen hori udalaren esku uztea, sexu erasorik gertatuz gero, eurek erabaki dezaten noiz, nola eta zergatik egin behar diren mobilizazioak».

Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren susmoa da, erabaki horren bidez, Iruñeko Udalak ez ikusiarena egin nahi duela sanferminetan gerta litezkeen erasoak direla-eta, protestak eta elkarretaratzeak antolatzeari uko eginda: «Aspaldi erabakia dute 2022ko sanferminetan ez dela sexu erasorik izanen, eta hori ez diogu onartuko ez Maiari, ez beste ezein alkateri. Eraso guztiei aurre eginen diegu, udal baimenarekin edo baimenik gabe». Hori dela eta, mahaitik altxatzea erabaki dute plataformako kideek, baina etorkizunean elkarlana berreskuratzeko borondatea agertu dute: «Gure asmoa da lankidetzari berriz heltzea, orain arte bezala».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Santurtzin hilik topatutako adingabe baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza

Jon O. Urain

Ostiralean zerraldo topatu zuten senideek. Ertzaintzak baieztatu du gorpuak kolpeak zituela eta litekeena dela horien ondorioz hil izana
 ©Andoni Lubaki / Foku

Suak zerua ilundu zuenekoa

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Suteek hagitz gogor jo dute Nafarroa, eta 14.500 hektarea inguru utzi dituzte kiskalita. San Martin Unx da suak inguratutako herrietako bat. Etxerik ez dute galdu, baina izua bazter uztea ez da erraza izaten ari herriko biztanleentzat. Suhiltzaileek, berriz, baliabiderik eza salatu dute.

Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...