Bide ez-seguruak hartzeko arriskuaz ohartarazi du Irungo Harrera Sareak

Mugako kontrolak gogortu dituztela salatu du sareak. «Egoerari aurrea hartzeko» eta «egoera lazgarriak prebenitzeko» eskatu die erakundeei

Julen Aperribai.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Azken egunetan «gogortu» egin da Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugako kontrol poliziala, eta horrek migratzaileak bide ez-seguruak hartzera eraman ditzake, Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez. «Santiagoko eta Behobiako zubietan egon ohi diren poliziek, nabarmen ohi baino gazteagoak direnak, gehiago estutu dute kontrola, pasabidea estutuz konoekin; ilara luzeagoak sortu dituzte, eta, hori gutxi ez balitz bezala, Poliziaren jarrera desatseginagoa da. Identifikazioa beste aldietan baino gehiago eskatzen ari dira», azaldu du sareak, ohar batean.

Halaber, jakinarazi du joan den igandean hainbat migratzailek laguntza eskatu zietela Irungo Harrera Sareko kideei Bidasoa ibaiaren ertzean, «ibaia gurutzatu ahal izateko». Halakoak, gainera, azken boladan gehiagotan ere gertatuko ziren «seguruenik», sarearen arabera.

Harrera sareak Bidasoa ibaia gurutzatzearen arriskuaz ohartarazten ditu migratzaileak egunero, nabarmendu duenez. «Hala ere, badakigu oraindik bide hori hartzen jarraitzen dutela», gaineratu du. Udan ibaiaren emaria ohikoa baino txikiagoa izan denez, gainera, igerian muga pasatzeko aukera argiago ikusi dute migratzaileek, harrera sareak azaldu duenez.

Irungo Gurutze Gorriaren jokabidea ere gaitzetsi du sareak: «Presioa sartzen die Hilanderaseko [Gurutze Gorriaren egoitza] baliabideko erabiltzaileei, hasieratik esanez hiru gau bakarrik gera daitezkeela, eta presio horrek behar baino lehen alde egitera bultzatzen ditu. Ondorioz, Hendaiarako eta Biriaturako muga gurutzatzera behartzen dituzte, ahalik eta azkarrena, haien bizitzak arriskuan jarriz». Alde horretatik, gogorarazi du ekainean Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu zirela, eta «presio» hori kentzeko eskatu zietela, «haien eskumena delako». Eskaera bera berretsi diete orain.

Harrera sareak ohartarazi du ezen, egungo egoerak bere horretan jarraitzen badu, Bidasoa ibaia migraziorako bidea bilaka daitekeela. Horregatik, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei dei egin die «aurrea hartzera eta egoera lazgarriak prebenitzera».

Kontrolak eragotzi eta bideez-seguruetatik muga gurutzatzen saiatzeagatik bederatzi lagun hil dira dagoeneko. Aurten, dagoeneko, bi hil dira modu horretan; azkena, 25 urteko gizonezko bat, ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.