U30 greba orokorra. Lurraldeka

Araba: hezkuntzan izan du eragin handiena

Hezkuntza publikoko langileen %70ek egin dute bat grebarekin, Steilasen arabera. Industrian apalagoa izan da oihartzuna, baina lanuzteak izan dira enpresa batzuetan

Grebalariek Andre Maria Zuriaren Plaza bete zuten. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Askotarikoa izan zen greba orokorraren eragina Araban, baina hezkuntzan e ta osasungintzan izan ziren lanuzterik handienak. Hezkuntza publikoan, langileen %70ek egin zuten bat grebarekin, Steilasen arabera, eta EHUko Arabako campusean fakultate gehienak itxi egin zituzten.

Industrian, ordea, gehienek normal eutsi zioten eguneroko jardunari, eta grebarekin bat egin zutenen kopurua apalagoa izan zen gainerako lurraldeekin alderatuz gero. Hala ere, izan ziren lanuzteak enpresa ertainetan eta handietan: Gasteizen, denda, taberna eta merkataritza gune gehienak ere irekita egon ziren egun guztian, eta soilik piketeen protesten eraginez eta eguerdiko manifestazioan itxi zituzten.

Goizeko lehen orduan hasi zituzten protestak enpresa handietan eta industriagune garrantzitsuenetan. Pikete informatiboak egin zituzten, eta sarrerak oztopatu. Mercedesen, esaterako, poliziak babestuta sartu ziren grebarekin bat egin ez zuten langileak. Aldiz, sindikatuen arabera lanuzteak nabarmenak izan ziren Inauxan, Amurrio Ferrocarrilen, Aguraingo Arcelor Mittalen, Laminaciones Arreguin, Legutioko Sidenorren eta Laudioko Envases Metalurgicosen, Aurian, SDAn, Guardian eta Fronerin. SEA patronalak, ordea, greba «hutsala» izan zela esan zuen, eta lanuzteak denera %6 izan zirela.

Goizak aurrera egin ahala, ordea, Gasteizko kaleetara igaro zen protesta. Hainbat zutabe abiatu zituzten hiriko hainbat gunetatik, eta dendak eta merkataritza guneak izan zituzten jomuga. Horietako batzuek El Corte Ingles eta Boulevard ixteko ahalegina egin zuten, eta tentsio handia izan ziren orduan. Istilurik handienak, ordea, zutabe feministan izan ziren: Ertzaintza oldartu egin zitzaien grebalariei, eta hainbat lagun zauritu zituen.

Antolatzaileen arabera, eguerdiko manifestazioan 25.000 lagun inguru bildu ziren, eta istilurik gabe egin zuten Bilbo plazatik Andre Maria Zuriaren plazara arteko bidea. Sindikatuek pozik hartu zuten grebaren erantzuna lurraldean: «Mugarri bat da greba, eta ez gara konformatuko makillaje hutsarekin: erroko aldaketak nahi ditugu», adierazi zuen Arantxa Vazquez LABeko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.