Koronabirusa

Basque Wine marka eskura dute Arabako Errioxako upategiek

Bizkaian eta Gipuzkoan euskal ardoa zein den identifikatzeko tresna gisa eskaini die Jaurlaritzak

Mahastiak Arabako Errioxan, Villabuenako lurretan. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
Guardia
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Koronabirusak ardoaren sektorea aurrean eramateko arriskua dago. Hainbestekoa da merkatuaren geldialdia, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzeko erabakia hartu du. Txakolin ekoizleei eta Arabako Errioxako ardogileei neurri bateko edo besteko flotagailuak eskaini dizkie. Hala, Basque Wine marka sortu eta sustatuko du Ekonomiaren Garapenerako Sailak, aterki horren pean sal dezaten ardoa hala kanpo merkatuan nola barnekoan, tresna hori baliatzea erabakitzen dutenek.

Ekinaldiaren xehetasunen berri eman zien atzo sektoreko eragileei Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, Guardian (Araba). Araex eskualdeko esportatzaile talde handienaren, ABRA upategi txikien elkartearen eta UAGA nekazarien sindikatuaren ordezkariak egon ziren bileran, besteak beste. «Edozein laguntza» jasotzeko prest daudela esan zuten, eta begi onez hartu zuten «Arabako Errioxako ardoak Euskadirekin lotzeko ekinaldia», batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan handitu dadin Arabako Errioxaren kontsumoa. «Soilik %20 da ostalaritzan lurralde bi horietan kontsumitzen den ardoaren portzentajea», ohartarazi zuten. Tapiak onartu zuen kopuru hori handitu egin behar dela, eta ardo kontsumitzaileek jakin behar dutela zein den «Euskadiko ardoa» eta zein ez.

Ikurrinik ez labeletan

Jaurlaritzaren ekinaldiak ez du jaso, ordea, botilen etiketan bereizgarri bat jartzea. Errioxa sor-markaren deliberazioa beharko luke horrelako erabaki batek, eta ez du ematen prest dagoenik abantaila hori emateko Arabako Errioxako upategiei. «Ekoizpen ekologikoa den islatzen duten adierazgarriak bezala, zergatik ez dute utzi behar ikurrintxo bat jartzen?», esan zion BERRIAri upategi txikietako ordezkari batek.

Finean, hezkuntza kontu bat da Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaileen esparruan. Paganos eta Kripan Euskal Herria dira, eta Ezkarai eta San Vicente de la Sonsierra, ez. Zaila da mapa bati begira ardoa erosten hastea, baina adierazgarri batek asko lagun diezaioke muturreko egoera batean euskal produktua lehenetsi nahi duen kontsumitzaileari.

Edonola ere, Basque Wine aterki hori ez da Jaurlaritzak martxan jarritako neurri bakarra. Tapiak azaldu zuen 50 milioi eurorainoko likidezia lerro bat aktibatu dutela, eta berme horiek hiru urteko atzerapenez itzultzeko klausula ere jasotzen dutela. «Balio kate osoarentzat dira, upategientzat eta mahastizainentzat. Denak batera atera behar dugu. Ez du zentzurik upategiek aurrera egitea mahastizainak atzean utzita».

Izan ere, beldur handia dago prezioak erabat eroriko ote diren 2020ko mahats bilketa iristean, irailean alegia. «Ez dakigu esaten zenbatekoa izan den kaltea», aitortu zuen Arabako Errioxako Kuadrillako presidente Joseba Fernandezek.

Kili-kolo daudenak...

Mikrofonotik kanpo, sektoreko eragile batek aitortu zion BERRIAri «oso litekeena» dela hainbat upategik ateak ixtea betiko; «kili-kolo zeudenak ez dira berriro altxatuko». Ez alferrik, jatetxeen eta ostatuen kanala erabat izoztu da, eta hura da Espainiako merkatuaren atea. Esportazioak ere eten egin dituzte, mugak itxi direnez. Hala ere, kanpora saltzen dutenak zulotik azkarrago aterako diren ustea oso zabalduta dago sektorean. Kontua da saldu egin behar dela orain, eta saltzeko ekinaldi berriak martxan jartzen ere lagunduko du Jaurlaritzak. Berrikuntza bonu esan dion laguntza hori 700.000 euroko funtsa da. Upategiek Interneten presentzia izateko baliatuko dute, adibidez.

Ardoari esker bizi diren 1.300 familia daude Arabako Errioxako hamabost udalerrietan, eta «edozein laguntza» ondo datorkiela esan zuen prentsaurrekoa amaitu ondoren beste eragile batek. Baina askok jada ICO lerroak ere baliatu dituztela esplikatu zuen, eta benetako laguntza euskal merkatuan salmentak igotzea litzatekela.

Bien bitartean, Toloño mendilerroaren eta Ebro ibaiaren arteko mahastietan aurrera doa naturaren zikloa, eta lau hilabete barru mahats bilketa iritsiko da. Upategietan 2019ko ardoa atera gabe dago, eta benetako arazoa gerta daiteke gehiegizko ekoizpena dela eta. Upategi txikiak beldur dira handiek salneurriak botatzeko har dezaketen erabakia dela eta. «Gure ardoari balioa emateko azken urteetan egin dugun lan eskerga alferrik gal dezakegu», onartu zion BERRIAri Juan Luis Cañas ardogileak, orain dela gutxi.

Horregatik, Errioxako sor-markak aurtengo mahats bilketari begira zer erabakiko zain daude. Espainiako Gobernuak luze gabe erabakiko du ardoak izango duen laguntza, eta mahatsa bildu gabe uzteak edota ardoa konfinatzeak (merkatura ez ateratzea) berebiziko garrantzia izan dezake ekoizle batzuentzat. Arabako Errioxako ardogile txikiek tentu handiz erabaki beharko dute, ordea, beren negozioak ez duelako zerikusirik Gaztela-Mantxakoarekin. Kantitatea eta kalitatea aurrez aurre daude negozio bi horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.