Lagardek agindu du Draghiren pizgarrien politika salbu egongo dela

Europako Banku Zentraleko presidente izango da azaroaren 1ean, eta Europako Parlamentuari esan dio pizgarrien estrategiak jarraituko duela
Lagarde —eskuinean— galderak erantzuten, atzo, Bruselan.
Lagarde —eskuinean— galderak erantzuten, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET /EFE

Xabier Martin -

2019ko irailak 5
«Behar den guztia» egingo zuela aldarrikatu zuenean, Mario Draghik euroa salbatu zuen, duela bost urte, eta EBZ Europako Banku Zentralak pizgarrien aroari ekin zion. Erakunde horrek diru merkearen hautua egin du aspaldian, betiere %2 inguruko inflazioaren helburu aski ezagunarekin, eta Draghi badoan arren, ildo hori ez dago arriskuan. Christine Lagarde, haren ordezko izango dena azaroaren lehenean hasita, ados baitago pizgarriei «denbora luze batean» eustearekin, hautu horrek «oinarria duelako». Horrela esan zien atzo Europako Parlamentuko Ekonomia Batzordeko 60 parlamentariri. Haien galdera sortari erantzun zion, eta, ostean, parlamentuaren oniritzia eskuratu zuen bozketa baten bidez, EBZko presidente bihurtzeko tramite hutsa dena gaindituz.

Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohiak laino beltzak ikusten ditu orainean bezala geroan ere. Uste du Alemaniaren geldialdia, gerra komertziala eta brexit gogor bat gertatzeko aukera gehitzearen ariketa «erronka handia» dela euroguneko kideentzat, eta prest dago Mario Draghiren diru politika ezagunarekin jarraitzeko. «Gobernu kontseiluaren [EBZrena] iritziarekin ados nago; zilegi da politika horri tarte luze batean eustea, inflazioa %2ra eramateko».

Promesa horiek guztiek badute ifrentzua, ordea, Lagardek ohartarazpen bat ere egin nahi izan duelako: pizgarrien politikak zaintza handia behar du « sor daitezkeen bigarren mailako eragin negatiboak direla eta».

Edonola ere, Draghiren eserlekua hartu behar duenak argi esan zuen espero duela Draghiren hitz ezagunak errepikatzeko beharrik ez edukitzea: «behar den guztia». «Horrek esan nahiko luke beste eragile batzuk egin beharko luketena ez direla egiten ari», azaldu zuen.

Christine Lagarde frantziarra lehen emakumea izango da EBZ zuzentzen, eta karguan egondako soslai politiko argieneko presidentea izango da, gainera. Europako Parlamentuan esplikatu zuen erronka handia dela eurogunearentzat interes tasa txikiak munduko merkatu guztietan zabalduta egotea. Europako Batasunarekin elkarlanean aritzeko prestasuna ere azaldu zuen; «EBZ ez da ari bakarturik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Xabier Martin

Informazio osagarria