Pastor
DARWIN ETA GU

Andretxoak

2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Badatoz Eguberri garaiko filmak. Pelikula horietako bat dugu Little women. Greta Gerwig-ek zuzendutako lana Louisa May Alcott idazlearen eleberrian oinarritua dago. Emakume gazteak ditu ardatz. Andretxoak, tituluak ondo agertzen duen moduan.

Pelikularen estreinaldiaz baliatuta —edo hori aitzakia— lehiaketa antolatu du Espainiako egunkari batek. Irakurleak mezu bat bidali behar dio «bere bizitza markatu dion emakumeari»: ama, amona, andrea, neska-lagun edo lagun hutsa izan daiteke. Egunkariak jakinarazi duenez, irabazlearen mezua webgunean eta hainbat euskarritan argitaratuko dute.

Orain arte azaldu diren mezu ugarik ama dute gogoan; beste askotan bestelako maitasun erlazioetako kideak dira emakumezko protagonistak. Baina nola jakin zein emakumek markatu gaituen? Emakumea edo emakumeak, bat baino gehiago izan baitaitezke, hainbat arlo edo garaitan.

Izan ere, lehen aldiko emakumea ez da inoiz ahazten, topaketa —ikuspegi tekniko hutsetik iritzita— onena izan ez arren. Mundua beste era batera ikusten eta maitatzen lagundu dizuten emakumeen marka ere ez da erraz ezabatzen. Europako paraje hotzetan edo Ameriketako lurralde beroetan laztandu eta maitatu zenuen / zintuen andrazkoa ere hor dago. Edo bertso festa batean ibili eta gero, Bizkaiko batzoki batean —bai, zenbait arlotan transbertsala izan naiz— zurekin dantzan hasi, saioaren erdian gelditu eta tupustean esan zizun emakumea: «Ez dakizu dantzan, baina!». Zuzen zegoen andretxoa: agarraoan ez naiz oso ona —zutik behintzat—.

Zertan izan behar dugu onak? Noiz eta nola? Hori ere nabarmentzekoa da bikote edo amodio harremanetan. Eta esfera pribatu eta intimotik kanpoko eremuetan. Duela aste pare bat polemika handia izan da Italian. Libero Quotidiano eskuin-muturreko zuzendari Pietro Senaldik ahokada ederra bota du Nilde Iotti (1920-1999) politikari italiarrari buruz: «Emakume ona zen, sukaldean eta ohean». Iotti faxismoaren kontrako borrokalari partisanoa izan zen. Eta Italiako Legebiltzarreko lehen presidente emakumezkoa. Kritikak trumilka etorri zaizkio Senaldiri. Concita de Gregorio kazetari eta idazleak ironiaz erantzun dio: «Nola dakizu ohean ona zela? Nork esan dizu?». Beste galdera bat egin diote Senaldiri: «Zer axola du ohean ona izateak politikan jarduteko?».

Azken galdera honek bete-betean asmatu du. Zer ardura du ohean ona izateak gaitasun politikoa neurtzeko? Nork esan du gizon guztiz inpotenteak edo hortxe-hortxe dabiltzanak —seiak hogei gutxikoak, alegia— txarrak direla politikan? Nor nahiago genuke lehendakari? Ohean makal edo ezinean dabilen emakume edo gizona baina bere jarduera publikoan bikaina dena ala ohean —eta sukaldean— izugarri ona baina politikan hutsaren hurrena dena?

Emakumeak neurtzeko kategoriak sukaldea eta ohea izaten dira oraindik, zenbait lagunen buruan. Ildo horretan, filmaren harira eginiko lehiaketak zer pentsatua ematen du. Bai, zeren eta ez baitu guztiz hausten emakumeari ematen zaion musa, laguntzaile edo ezinbestekoaren irudia, elementu osagarriaren rola. Izan ere, markatu zaituen emakumeari buruz galdetu beharrean, bazuten beste hausnarketa bat proposatzea: zer emakume nabarmenduko zenuke historian? Zein zientzian? Zein literaturan? Gizonezko askok buelta batzuk eman beharko genizkieke galdera horiei erantzun egokiak bilatzeko. Eta emakumea esparru publikora pasatuko genuke, ama, emazte, maitale edo lagunen esfera intimotik haratago. Bukatzeko: zer gertatuko litzateke markatu gaituen emakumea alua duen pertsona bat balitz?

Gaztetan emakume batekin egiten nuen amets, noizbait agertuko zitzaidan esperantza hutsalarekin. Egunez, haren argazkia ikusi eta harekin solastatzen nintzen isilean. Inoiz ez genuen topo egin eta, zoritxarrez, inoiz ez dugu topo egingo. Ez hemen, ez berak sinesten zuen beste alde horretan. Gaur haren argazkia begiratu dut berriz. Irribarre egin didala iruditu zait. Mezu bat bidali diot, baina ez dut inon argitaratuko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.