Koronabirusa

Enplegu erregulazioen luzapena atzeratu du Espainiako Gobernuak

Ez du eramango gaurko kontseilura, gizarte eragileekin ados jarrita onartu nahi duelako

Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Poliki doa ekonomiaren suspertzea, eta, ondorioz, milaka langile nahi baino polikiago ari dira lanera itzultzen. Horiek horrela, konfinamenduaren hasieran indarrean jarritako ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko dosier bereziak beste hiru hilabetez luzatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, irailaren 30era arte —ekainaren 30ean iraungiko dira bestela—. Gaurko ministroen kontseiluan onartu nahi zuen luzapena, baina denbora gehiago hartuko du, gizarte eragileen adostasunarekin onartu nahi duelako. Atzo saiatu zen, baina ez zuen lortu.

Lau ordu iraun zuen bilerak, baina akordiorik gabe bukatu zen. Agentzien iturrien arabera, adostasunari lehentasuna ematea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, nahiz eta joan den astean akordioa lortzeko asteartera arteko epea eman zion Yolanda Diaz Lan ministroak. Oro har, gobernuaren planteamenduarekin ados egon arren, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek nahiago dute aldi baterako erregulazio bereziak abenduaren 31 ra arte luzatzea. Argudiatu dutenez, jarduera ekonomikoa nekez hurbilduko da aurten koronabirusaren aurretik zegoenera, eta beharrezkoak dira enpresei eta langileei laguntzeko neurri bereziak.

Epe laburragoak nahiago ditu, ordea, gobernuak, aukera ematen diotelako luzapen bakoitzean enplegu erregulazio berezien baldintzak pixka bat gogortzeko. Hori egitea proposatu du oraingoan. Horrela, Diazek nahi du erregulazioan dauden langileen Gizarte Segurantzaren kotizazioen zati handiago bat hartzea enpresek beren gain. 50 langiletik beherako enpresetan, jarduerara itzuli badira, lanean dauden langileen kotizazioaren %60 aurreztuko lukete enpresek uztailean, %50 abuztuan eta %40 irailean. Langileak lanean ez badira, %35, %25 eta %15 gutxituko litzaieke kotizazioa. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %35 aurreztuko lukete uztailean, %25 abuztuan, eta %15 irailean.

ABEE bereziek beste ezaugarriak gordeko dituzte: erregulazioan dauden langileek langabezia saria jasoko dute —kotizazio oinarriaren %70 da—, baina ez dute gastatuko. Hau da, nahikoa kotizatu dutenek ere izango dute eskubidea, eta besteei ez zaie beren langabezia sarirako eskubidetik kenduko orain jasotakoa.

Filtratutako informazioaren arabera, gobernuak beste baldintza batzuk jarri nahi dizkie aldi baterako erregulazioak erabili nahi dituzten enpresei: jarduera berreskuratu ahala jarri beharko dituzte langileak lanean, eta ezingo dute beste langilerik kontratatu, ezta langileei aparteko ordurik eskaini ere. Horrekin, asmoa da enpresek ez baliatzea laguntza publikoa lan kostu batzuk aurrezteko nahiko lan eta diru sarrera badituztenean.

Gainera, langileak arrazoi objektiboengatik kaleratzeko oztopoek irailaren 30era arte iraungo dute. Horren ondorioz, enpresak kaleratze bidegabeak erabiltzen ari dira, eta kalte-ordain handiagoa ordaindu behar dizkiete botatako langileei: 33 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, eta ez hogei egunekoa, kaleratze objektiboetan bezala.

Jaurlaritzaren osagarria

Aldi baterako erregulazioen inguruan badago lotu beharreko beste hari bat: langabezia sariaren osagarriarena. Erregulazioan dauden langileen sariak osatzeko proposamen bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta hari buruzko adostasuna bilatzen ari da Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. Joan den astean akordioa oso gertu zegoela iragarri zuten, baina azkenean ez ziren ados jarri, eta gaurko ipini zuten hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.