Tafallako Fagor-Ederlanen aritutako langile ohi bat hil da, amiantoaren ondorioz

Behargin batek 300.000 euroren kalte-ordaina eskatu dio Orbegozori, amiantoak minbizia ekarri ziolako; astelehenean izango dute epaiketa

Amiantoaren biktimen ekitaldia, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Hiltzaile isila izena jaso ohi du amiantoak, haren hautsa arnastu eta urte askotara hiltzen dituelako harekin lan egin zutenak. Eta isilpean igaro ohi dira haren biktima gehienak, baina ez denak. ELAk atzo jakinarazi zuenez, hil egin da Tafallako Fagor Ederlanen (lehen, Luzuriaga) aritutako langile bat, amiantoak eragindako minbiziarengatik.

«Amiantoarekin kontaktuan egoteak eragindako laneko gaixotasunen dramak ia dimentsio pandemikoa du», ziurtatu du ELAk. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak kalkulatu du urtero 255.000 lagun hiltzen dituztela amiantoak eragindako minbiziek. Horietatik dozenaka batzuk dira Euskal Herrikoak. Datu ofizialik ezean, material horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2019an 32 lagun hil zituela zenbatu du Asviamie biktimen elkarteak; 2018an, berriz, 34 izan ziren. Nafarroako datuak ez dira hain garbiak, baina Ananar elkartean 2016an bildutako 121 bazkideetatik jada 30 hil zirela jakinarazi zuten duela hilabete batzuk.

ELAk argi du nork duen ardura: «XX. mendean zehar izandako kontrol publiko eskasa eta enpresen segurtasun neurri falta». Aurrerantzean, ordea, arduraz jokatzeko eskatu die sindikatuak enpresei, eta familiek ezartzen dituzten salaketak ez oztopatzeko ere bai: «Egin dezatela atzera behingoz, eta ez ditzatela beharrik gabe luzatu bide judizialak». ELAk uste du horrek soilik balio duela biktimen sufrimendua areagotzeko.

Hain zuzen ere, amiantoarekin lotutako kasu bat iritsiko da astelehenean Donostiako epaitegietara. Orbegozo Acenor altzairutegiko langile ohi batek 300.000 euroren kalte-ordainak eskatu dizkio enpresari, amiantoarekin kontaktuan lan egitearen ondorioz biriketako minbizia garatu zuelako. Orbegozo Acenor zenaren egungo jabeak Cofivacasa eta Sidenor dira, eta haiei eskatu die kalte-ordaina beharginak.

Langileak Orbegozo-Acenorren egin zuen lan 1964. eta 2000. urteen artean, lehendabizi Hernanin (Gipuzkoa), eta, ondoren, Basaurin (Bizkaia). Salatu du ez zutela amiantoaren arriskuen inguruko informaziorik, ezta babes neurririk ere.

Iaz diagnostikatu zioten biriketako minbizia, Osalanek sartu egin du amiantoarekin kontaktuan lan egindako langileen zerrendan, eta Gizarte Segurantzak, berriz, pentsioa handitu dio, lanak eragindako gaixotasuna duelako.

Asviamiek elkarretaratze batera deitu du astelehen goizean Donostiako Justizia Auzitegiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.