Hiru urte beteta atera dute Irati Aranjuezko espetxetik, gurasoak barruan utzita

Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera. Euskal Herriko kartzeletan ere amak umeekin egon ahal izatea eskatu dute

Irati Gurasoekin Euskal Herrira taldearen ekitaldi bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Oso-oso gogorra». Hitz gutxi behar ditu Julen Orbeak, Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformako kideak, Iratik eta haren gurasoek azken hilabeteetan eta atzo bizi izandakoa deskribatzeko. Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirain euskal presoen alaba da Irati Zapirain Etxeberria. Aranjuezko espetxean (Espainia) bizi izan da, amarekin, baina behin hiru urte beteta, atzo kartzelatik atera behar izan zuen, ama eta aita bertan utzita. Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformako kideek eskatu dute gurasoak gerturatzeko gutxienez. Gaurtik aurrera, Sarek zabaldutako datuen arabera, 88 umemotxiladun daude.

Espetxetik atera, eta Bilborako bidea hartu du umeak, amonarekin eta osabarekin batera. Aurretik, ordea, bisean biseko bisita izan du amarekin, aitarekin eta amonarekin, Orbeak azaldu duenez: «Amamak esan dit oso-oso gogorra izan dela hirurentzat». Orain artekoa ere ez da erraza izan. Orbea, plataformako kidea izateaz gain, gurasoen laguna ere bada, eta ondo daki azken hilabeteetan zer bizi behar izan duten: «Pandemiak gogortu du jada berez gogorra zena. Iratiren aitak, Iñakik, gaur izan ditu besarkatzeko une bakarrak urte osoan: hamabi hilabetean egon da alaba besarkatu ezinda, eta ez besarkatu bakarrik: bideo dei bidez ikusi du». Izan ere, Orbeak azaldu duenez, azken hilabeteetan bisean bisekoa egin izan balute, hirurak konfinatu egin beharko ziratekeen: «Bisean biseko hori egiten bazuten, umeak ere hamar egun ziega barruan egon beharko zuen, atera ere egin gabe». Orain ere, itxialdian jarri dituzte bi gurasoak: «Bisean bisekoaren ondoren, orain komunikatu diete COVIDarengatik aitak eta amak hamar egunean egon behako dutela konfinatuta euren ziegan».

Bisitak, zalantzan

Atzoko bisitaren ostean, ez dakite berriz noiz egongo diren elkarrekin: «Irten, irten da, baina orain ez dakigu berriro noiz bueltatu ahal izango den ama eta aita ikustera». Izan ere, Orbeak esan duenez, COVID-19aren ondorioz, bisitarik gabe daude Aranjuezko kartzelan. Gainera, ez dakite bertan jarraituko duten bi euskal presoek, berez tokatzen zaien kartzela Jaengoa (Espainia) baita: «Teorian, legedia aplikatuz, berriro bueltatu beharko lukete Jaenera. Hori inondik inora onartu ezingo genukeen kolpe handia izango litzakete».

Konponbideak eskatu ditu Orbeak: «Umeen eskubideak kontuan hartuta, espetxe politika hau guztiz irauli behar da». Baita salaketa bat egin ere: «Ez dago modurik ama edo aita izateko Euskal Herriko espetxeetan».

Martxoaren 20rako Sarek egin duen deialdiaren berri ere eman du Orbeak. Hain zuzen, ekitaldiak egingo dituzten haur motxiladunak dauden herri guztietan. «Hor bukatutzat emango genuke Irati Gurasoekin dinamika, baina lanean jarraituko dugu ume motxiladunen dinamikan».

Sarek ere bat egin du aldarrikapenarekin: «Haurmotxiladunen gurasoak Euskal Herrian egon behar dute, eta familientzako moduluak eskaini behar zaizkie euren eskubidea den gurasotasuna modu ahalik eta egokienean garatu ahal izateko». Gainera, Orbeak bezala, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.